Datorren astean bukatuko dituzte 2025-2026 ikasturteko eskolak, baina ikasturte amaierako festak ospatu dituzte dagoeneko Izarraizpe Ikastola Publikoan eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Atzo, ikasle, irakasle eta gurasoak elkar hartuta ibili ziren ospakizunetan. Ekintza ugari egin zituzten batean zein bestean, baina jolasa eta festa izan ziren nagusi bietan.
Izarraizpen, Perdillegiko eraikinean, jolasak, tailerra eta puzgarriak izan zituzten arratsaldean; eta hezkuntza komunitate osoa elkartu zuen afaria iluntzean, Djak jarritako musikarekin dantzarako parada eta guzti.
Ikasberrin egun osoan egin zituzten ekintza bereziak, baina 16:00etan ekin zioten ikasturte bukaerako festari. HHko haurrek jolaserako hainbat txoko izan zituzten ikastolaren aterpean. Bitartean LHkoak altxorraren bila jolasean ibili ziren, eta DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek patata tortilla lehiaketan parte hartu zuten; denera, 28 taldek parte hartu zuten lehiaketan.
Ekintzak bukatzeko, LHko ikasleek dantza egin zuten jolaslekuan, eta ondoren, DBH bukatu eta ikastola utziko duten ikasleei agurra egin zitzaien, baita Batxilergoa bukatu dutenei ere, orlak banatuta.
Trikitilarien saioaren ondotik, ikastolaren atarian afaldu zuten, eta festa Skapaie elektrotxarangarekin dantzan bukatu zuten.
(Argazkiak: Izarraizpe Ikastola Publikoa eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri)