Hilabete luzez ondutako obrak oholtzaratu dituzte Antzerki Eskolako gaztetxoek

Maialen Etxaniz 2026ko ekainaren 14a

Harria, Bum! eta Supers antzerki obrak taularatu dituzte gaur eguerdian Dinamoko antzerki eskoletan aritzen diren ikasleek. Jende ugari bertaratu da Soreasu antzokira emanaldiak ikustera.

Xanti Agirrezabala eta Alaitz Olaizolak zuzendutako Antzerki Eskolako gaztetxoek gaur oholtzaratu dituzte urtean zehar gorpuzten aritu diren obrak, eta kanpoan eguraldi ederra eginagatik, jende ugari bertaratu da Soreasu antzokira aktore gazteen lanak ikustera. 

Aurrena, Agirrezabalak zuzendutako Harria antzezlana eskaini dute, ordubete inguru iraun duena. Dozenaka gazte artista igo da oholtzara askotariko roletan. Ondoren, Bum! eta Supers antzerki obrak eskaini dituzte urtean zehar Olaizolaren gidaritzapean aritu diren gazteek. 

Aktore gaztetxoek haien irakasleen lana eskertu nahi izan dute, eta lore sorta bana eman dizkiete. Antzerki artean gogoratu dutenez, dagoeneko hogei urtetik gora daramatza Azpeitiko Antzerki Eskolak, eta martxan jarraitzeko nahikoa harrobia badagoela ikusi da gaurkoan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide