Jone Arriaran eta German Aranburu izan dira nagusi Leioako (Bizkaia) dantza suelto txapelketan. Atzo izan zen lehia horren 24. edizioa, eta hainbat dantzarik parte hartu zuten helduen nahiz gaztetxoen mailetan. Arriaran eta Aranburu azpeitiarrak izan ziren nagusi helduen lehian, eta ondorioz, haientzat izan ziren zapia eta txapela. Haien ostean sailkatu ziren Endika Osa eta Ane Jaunarena lezotarrak nahiz Bidatz Manterola eta Jon Alkain oriotarrak.
Gaztetxoen mailan ere aritu ziren Azpeitiko dantzariak, eta sariren bat lortu ere lortu zuten. Hain zuzen ere, maila horretan Ibai Izagirre villabonarra eta June Aguado segurarra izan ziren garaile, baina bigarren saria Oier Arriaran eta Elene Astiazaran azpeitiarrentzat izan zen. Hirugarren sailkatu ziren, halaber, Jone Leon eta Lore Lizarralde azpeitiarrak.