Peiremansek hirugarren kontzertua eskainiko du Azpeitian

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 15a

Peiremans taldeko kideak. (Bonberenea)

Abenduaren 10eko eta 11ko emanaldietarako sarrera guztiak agortuta daude, eta Azpeitian hirugarren emanaldi bat iragarri du taldeak. Sanagustin kulturgunean izango da abenduaren 18ko kontzertua ere, 21:00etan, eta sarrerak salgai daude. Uda ostean beste emanaldi batzuk ere izango dira Sanagustinen, hala nola Nogen, Anestesia eta Añube.

Peiremans taldeak hirugarren kontzertua eskainiko du Azpeitian: abenduaren 10eko eta 11ko emanaldien ondotik, hil horren 18an ere Sanagustin kulturguneko agertokian izango da taldea; 21:00etan hasiko da kontzertua. Kontzertu horretarako sarrerak salgai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean; Kultur Bonua dutenek ere eskura ditzakete sarrerak, merkeago.

Hamar urteko etenaren ostean agertokietara itzuliko zela iragarri zuen joan zen astean Peiremans taldeak, eta hainbat kontzerturen datak iragarri ere bai. Minutu gutxitan saldu ziren sarrera guztiak, baita Azpeitiko emanaldikoak ere, eta herrian bigarren data bat iragarri zuen taldeak. Bi hitzorduetarako sarrera oro agortuta, hirugarren emanaldi bat ere eskainiko du Peiremansek Azpeitian. 

Peiremans+ taldea 2005. urtean sortu zuten Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Imanol Ubedak (Bide Ertzean), Haritz Beristainek (Kashbad) eta Marino Goñik (Balerdi Balerdi). Peiremans+ izeneko bost kantako diskoa kaleratu zuten urte hartan eta zuzenean hainbat kontzertu jo zituzten. Gero, ordea, etenaldia egin zuen taldeak, eta hamar urte barru berriro elkartu ziren, 2015ean. Beste disko labur bat atera zuten orduko hartan ere, Bigarren saria

Añube, azaroan

Uda osterako programatutako beste kontzertu batzuen berri ere eman du Kulturaz kooperatibak. Besteren artean, urriaren 31n Nogen taldea izango da Sanagustinen, azaroaren 14an Anestesia eta azaroaren 21ean Odolkiak Ordainetan nahiz Añube taldeak. Emanldi horietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide