Etxauriko Harriak harri jasotze txapelketa irabazi du Olaia Esnaolak

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 16a

Olaia Esnaola eta Oier Azpeitia harri jasotzaileak Etxaurin, saria eskuetan. (Utzitakoa)

68 kiloko Lurgorriako Harria 29 aldiz altxatzea lortu zuen igandean Esnaolak, iaz berak ezarri zuen errekorra hautsiz. 

Etxauriko Harriak harri jasotze txapelketa irabazi du Olaia Esnaola harri jasotzaile azpeitiarrak. Etxaurin (Nafarroa) jokatu zuten lehia igandean, hango festetan, eta emakumeen lehian Esnaolak egin zituen harri baldarren altxaldi gehien.

68 kiloko Lurgorriako Harria zen emakume harri jasotzaileek altxatu beharrekoa, eta azpeitiarrak 29 aldiz jaso zuen harri baldarra, iaz Esnaola berak 28 altxaldirekin ezarri zuen errekorra hautsiz. Bigarren postua Ane Cestauk erdietsi zuen, 28 altxaldi eginda; Sara Jimenez de Aberasturik 26 jasoaldi egin zituen eta Ane Atxutegik 23.

"Lan txukuna egitera joan nintzen, ezer gehiago espero gabe. Iazko 28 altxaldi berriro egin nahi nituen; hori zen nire aurtengo helburua. Ez nintzen urduri joan, baina bai tripako minez. Hala ere, ongi ibili nintzen, eta helburua ongi beteta eta txapelarekin itzuli nintzen etxera. Lortutakoarekin oso gustura nago", azaldu du Esnaolak. Berarekin entrenatzen dutenei eta txapelketaren antolatzaileei eskerrak eman dizkie.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide