Donostiako 87. Musika Hamabostaldia Loiolako santutegira iritsiko da beste urte batez. Abuztuan, dozenaka kontzertu ikusteko aukera eskainiko du musika jaialdi horrek, eta horietako bat izango da Azpeitian.
Hain zuzen ere, abuztuaren 8an, larunbatez, Azpeitiko Loiolako santutegian izango da kontzertua (20:00). Saskia Rouges organistak eta Francisco Gil adar ingeles jotzaileak eskainiko dute emanaldia basilikan. Bikoteak Sibelius, Andree, Breilh-Decruck, Smith-Price, Sowerby eta beste hainbat konpositoreren doinuak eskainiko ditu.
Bestalde, Ignacio Arakistain eta Jose Luis Frantzesena musikari azpeitiarrek ere parte hartuko dute Musika Hamabostaldian.
Arakistainek organoko bi kontzertu eskainiko ditu; aurrena, Musika Hamabostaldiaren inaugurazio egunean, abuztuaren 2an, Donostiako Atotxako frantziskotarren parrokian joko du, 18:00etan hasita. Bitoriano Gandiagaren omenezko kontzertuan, Arakistain organoan eta Andoni Salamero errezitatzaile ariko dira. Besteak beste, Bach, Franck, Boulanger eta Guridi musikarien lanak joko dituzte.
Abuztuaren 10ean joko du Musika Hamabostaldiko bigarren kontzertua Arakistainek, 20:00etan hasita. Egun horretan, Tolosako (Gipuzkoa) Santa Maria elizan ariko da organista azpeitiarra Hodeiertz abesbatzarekin batera. Gorriti, Vierne, Mocoroa, Larrea eta Guerreroren lanak interpretatuko dituzte.
Frantzesenak, berriz, abuztuaren 13an, Azkoitiko Andre Maria Jasokundeko parrokian joko du (20:00). Azkoitiko parrokiako Cavaille-Coll organoaren titularra da bera, eta abuztuko emanaldian Beristainek, Garbizuk eta Frantzesenak berak konposatutako musikarien lanak eta bestelako inprobisazioak joko ditu organoan. Kontzertuan bidelagun Mariatxen Urkia sopranoa, Txalkor txistulari taldea eta Sahatsa dantza taldea izango ditu.
Donostiako Musika Hamabostaldiak jakitera eman duenez, aurrez aipatutako lau kontzertuetarako sarrera doakoa izango da. Dena den, emanaldi bakoitza eskainiko duten gunearen edukiera bete arte izango dituzte zabalik ateak.