Ane Lizaso saritua izan da Aupatuz literatur lehiaketan

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 17a

Ane Lizaso, ezkerretik bigarrena, Aupatuz literatur lehiaketaren 15-17 urte artekoen sari banaketan. (Aupatuz)

Aupatuz Euskadiko adimen gaitasun handiko elkarteak antolatutako literatur lehiaketan izan da saritua Izarraizpe ikastola publikoko ikaslea.

Aupatuz Euskadiko adimen gaitasun handiko elkarteak antolatuta Litfest Aupatuz ospakizuna egin zuten igandean, ekainaren 14an, Gasteizen. Ekitaldi horretan Aupatuz Lehen Literatura Lehiaketako sariak banatu zituzten, eta 15 urtetik 17 urtera artekoen mailan Ane Lizaso Izarraizpe ikastola publikoko ikasleak jaso zuen sarietako bat.

Aupatuzek adierazi dutenez, literatura lehiaketa egitasmo "aitzindaria" da, eta helburu du idazketa, irakurzaletasuna, sormena eta adierazpen artistikoa sustatzea, baita adimen gaitasun handiko ikasleen talentu sortzailea ikusaraztea ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu dute beren idazlanekin.

Litfest Aupatuz ekitaldian, berriz, hainbat euskal idazlek parte hartu zuten; tartean, Pako Aristi urrestildarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide