Udal gobernuaren etxebizitza politika "guztiz eskasa eta inprobisatua" dela salatu du EAJk

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 17a

Esklabetako eraikina eta IƱaki Azpiazu kaleko etxeak. (EAJ)

EH Bilduren udal gobernuak garatutako etxebizitza politiken balorazio kritikoa egin du EAJren udal taldeak, lortutako emaitzak ez direla nahikoa uste duelako. Egindako proposamenak kontuan ez hartzea ere leporatu diote jeltzaleek EH Bilduri, baita etxebizitza eskaintza handitzeko "funtsezkoak" diren hirigintza proiektuetan aurrerapenik ez egitea ere.

EAJren udal taldeak EH Bilduren udal gobernuak garatutako etxebizitza politiken balorazio kritikoa egin du. Jeltzaleen aburuz, orain arte lortutako emaitzak ez dira nahikoa herritarren "arazo nagusietako bati" erantzuteko. Udal gobernuaren etxebizitza politika "guztiz eskasa eta inprobisatua" dela salatu du EAJk, eta esan du jeltzaleek egindako proposamenak ez dituela kontuan hartu udal gobernuak. Halaber, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko "neurri osagarriak" behar direla esan du EAJk, ezin dela soilik etxebizitza hutsen mobilizazioan zentratu. 

EH Bildu udal gobernuan denetik, "herrian presio turistiko handirik ez den eta jabe pribatu handirik ez dagoen arren", Azpeitian etxebizitza eskuratzeko "zailtasun handiak" daudela esan du EAJk. Gainera, talde jeltzaleak uste du etxebizitzak mobilizatzeko neurria ezin dela etxebizitza politikaren ardatz bihurtu. "Udalak aurkeztutako datuen arabera, 563 etxebizitza huts identifikatu eta 61 mobilizatu dituzte, eta horietatik 41 alokatu edo saldu", erantsi du. EAJren iritziz, emaitza horiek "erantzun askoz ere zabalagoa eta anbiziotsuagoa" behar duen arazoa konpontzetik urrun daude: "Arazoaren zati txiki bati apenas heltzen dion ekimen bat ezin da udal politikaren ardatz bihurtu. Egoerak hainbat neurri konbinatzea eta aldi berean hainbat frontetan jardutea eskatzen du”, adierazi dute talde jeltzaletik.

Bestalde, EAJk salatu du etxebizitza eskaintza handitzeko "funtsezkoak" diren hirigintza proiektuetan aurrerapenik ez egotea: Amue eta Santutxo eremuetako proiektuen atzerapenak deitoratu ditu. Santutxon egitekoak diren babestutako etxebizitzen proiektua 2023ko apirilean iragarri zutela eta hiru urtera obrak hasi gabe daudela salatu du. 

Hainbat proposamen

EAJk azken urteetan etxebizitzaren eremuan egin dituen hainbat proposamen ekarri ditu gogora. Taldeak esan du Amuen aurreikusitako etxebizitza kopurua bikoiztea proposatu duela, baina EH Bilduk atzera bota duela; Urrestillarako plan berezia egitea iradoki duela, eta hori ere atzera bota dutela; Sierbetako komentua eta lurrak erostea galdegin zuela, eta udal gobernuak "hasieran gutxietsi" egin bazuen ere, handik lau hilabetera erosi egin zuela; Soreasu-Madalena eremua garatzea proposatu zuela, eta duela eta urte eta erdi baztertu arren, orain martxan jarri dutela; lokal hutsak eremu jakin batzuetan etxebizitza bihurtzea mahai gainean jarri duela; edo Esklabetan alokairurako proiektu berria garatzea proposatu duela. 

Era berean, EAJk uste du udal gobernuak herriko beste gune batzuetan eragiteko aukerak pasatzen utzi dituela, eta etxebizitza berriak sortzeko eta etxebizitza eskuratzea errazteko ekimen handiagoa behar dela adierazi du. "Azpeitiak etxebizitza politika errealista, anbiziotsua eta eraginkorra behar du. Ezin dira herritarrak etxebizitzak mobilizatzera behartu, udalak eskaintza berria sortzeko aukerak pasatzen uzten dituen bitartean. Plangintza, lidergoa eta borondatea behar dira, udalerriaren egungo beharrei erantzungo dien irtenbideak bultzatzeko", gaineratu du EAJren udal taldeak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide