Sua eta dantza, urteko egunik luzeenerako

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 19a

Plaza bete jende, duela bi urteko San Joan bezperan.

Sua izango da protagonista datorren asteartean, San Joan bezpera, Azpeitian ere. Azpeitiko Udalak antolatuta, dantza emanaldia eskainiko dute Juan Antxieta musika eskolako, Luis Beltzaren dantza suelto eskolako nahiz Ikasberriko dantza taldeko kideek, 22:00etan hasita, plazan.

Usadioari jarraituz, San Joan bezperan sua izango da Euskal Herriko txoko hainbatetako protagonista, eta Azpeitia ez da salbuespena izango. Urrestillan festak ospatuko dituzte sanjoanen bueltan, eta han ere, lizarra plazan sartzearekin piztuko dute sua asteartean, San Joan bezperan.

Dena den, hangoa ez da izango herrian piztuko duten su bakarra. Azpeitiko Udalak ere antolatu du ekitaldia urteko egunik luzeenerako. Erakundeak azaldu duenez, azken urteetan, gero eta jende gehiago elkartu izan da suaren inguruan plazan, eta aurten ere egingo dute halakorik.

Hain zuzen ere, 22:00etan piztuko dute sua, eta Juan Antxieta musika eskolako, Luis Beltzaren dantza suelto eskolako nahiz Ikasberriko dantza taldeko kideak ariko dira haren bueltan dantzan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide