Saharako 21 haur errefuxiatu iritsiko dira udan eskualdera

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 19a

Haurrei Azpeitian egin zieten iaz ongietorria. (Andoni Elduaien)

11 haurrek harrera familien etxeetan igaroko dituzte datozen bi hilabeteak, eta hamarrek, Bakeleku udalekuetan; Ikasberri ikastolan gauzatuko dituzte horiek.

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 21 haur iritsiko dira aurten Urola Kostara. Oporrak Bakean haur errefuxiatu sahararren udako harrera programan parte hartzen dute eskualdean Sahararen eta hango herritarren alde lan egiten duten Darahli eta Saharautz elkarteek, eta horien egitekoari esker ailegatuko dira datozen egunetan errefuxiatuen kanpalekuen eguneroko bizimodu gordinean bizi diren 10 eta 12 urte bitarteko haurrak eskualdera. Gipuzkoak, guztira, hango 91 ume jasoko ditu ekainaren 30ean, eta horietatik 21ek igaroko dute uda Urola Kostan.

Hego Euskal Herri luze-zabalera iritsiko dira Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako umeak aurten ere. Orotara, 303 haur iritsiko dira aurten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 203 haur jasoko dituzte, eta ehun, Nafarroan. Uztailaren 1ean ailegatuko dira egonaldia Araban eta Bizkaian egingo duten haurrak; eta uztailaren 6an, uda Nafarroan igaroko dutenak.

Oporrak Bakean programaren helburu nagusia da haur sahararrak udan etxean hartuko dituzten harrera familiak lortzea. Aurten, 11 haur jasoko dituzte eskualdeko familiek, Darahli eta Saharautz elkarteen kooperazio lana tarteko. Darahli elkartearen bidez, lau harrera familiak eman dute izena bost haur beren etxeetan hartzeko. Hori hala, bina haur izango dira Azkoitian eta Azpeitian, eta bat, Zumaian. Saharautz elkartearen bidez, berriz, sei familiak eman dute izena haurrak hartzeko; lau ume izango dira Zarautzen, eta bana Getarian eta Orion.

Oporrak harrera familiekin igarotzeko aukerarik ez duten umeek, bestalde, Bakeleku udalekuetan igaroko dituzte datozen bi hilabeteak. Iaz arte, Larrabetzun (Bizkaia) egiten zituzten udaleku horiek, baina aurten Azpeitiak hartu dio lekukoa herri horri. Darahli elkarteak sustatuta, Ikasberri ikastolan igaroko dute udako oporraldia hamar haurrek. Uda honetan boluntario gisa lagundu nahi duten herritarrei proiektura batzeko deia ere egin diete Darahli elkartekoek. Beren alea jarri nahi duten herritarrek, 638 57 91 61 telefono zenbakira deitu edo darahlizumaia@gmail.com helbidera mezua bidali beharko dute.

Leire Lizarralde Darahli elkarteko kidea da Azkoitiko boluntarioetako bat, eta hark azaldu duenez, izena eman duten boluntarioek asteka egingo dute lan Saharako haurrekin udalekuetan. "Hori guztia antolatuta eta itxita dugu; udalekuak gauzatzeko oinarrizko guztia adostuta dugu". Baina Lizarraldek gogorarazi du ekarpen ekonomikoaren "beharra" izaten jarraitzen duela proiektuak, eta egunerokotasunean ere sor daitezkeela bestelako beharrak. Hala ere, boluntario berriren bat laguntzera animatuko balitzateke, "ongi etorria" izango litzatekeela adierazi du.

50 urteko aldarria

Aurten 50 urte betetzen dira Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zuenetik. Espainiak 1975ean bere kolonia zen Sahara abandonatu zuenean, Marokok Ibilaldi Berdea abiatu zuen Saharako basamortuan. Marokoko 350.000 zibil eta 40.000 soldadu inguruk gauzatu zuten okupazioa, Mendebaldeko Sahara Marokoren menpe jartzeko helburuarekin.

Horren aurrean, Saharako herriak estatu propioa eratzea erabaki zuen, nazioartearen aurrean independentziarako eta subiranotasunerako eskubidea legitimatzeko asmoz. Orduz geroztik, Saharako basamortuan jaiotako errepublika horrek okupazioari aurre egiteko eta Saharako nazioaren nortasuna defendatzeko tresna politiko eta diplomatiko nagusia izaten jarraitzen du. Saharar gehienak Aljeriako Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan erbesteratuta edo Marokok eraikitako harresi militarrak zatitutako lurretan bizi diren arren, SEAD sahararren erresistentzia instituzionalaren eta kulturalaren ikur bilakatu da.

Afrikako Batasuneko kide osoa da Mendebaldeko Sahara, bere egitura administratiboari eta exekutiboari deserrian eusten dio-eta bizirik. Nazio Batuek hitzemandako eta blokeatuta dagoen autodeterminazio erreferenduma gauzatzea eskatzen ari dira azken urte luzeetan, sahararrek beren etorkizuna libreki erabaki ahal dezaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide