Tenperatura altuak iragarrita daudelako, hondakin komertzialen biharko bilketa ordua aldatu egin dute. Ondorioz, bihar, astelehena, 09:30ean bilduko dute komertzioetako errefusa eta hondakin organikoa.
Urola Erdiko Mankomunitateak hartu du bilketa ordutegia aldatzeko erabakia, langileak arrisku gehien dagoen orduetan aritu ez daitezen hondakinak biltzen. "Kalean beroagatik arrisku gehien dagoen garaian bilketan lan egitea saihestu nahi da", azaldu du mankomunitateak. Horrez gain, oharrei adi egotea gomendatu du, egun bat baino gehiagorako iragarri dutelako beroa, eta denbora tarte txikian zerbitzuan aldaketak egitea erabaki dezaketelako.
Urola Erdiko mankomunitateak hainbat komunikazio bide sortu ditu, eta zuzenean jaso daitezke mezuak. Honako formularioa bete behar da zuzeneko mezuak jasotzeko. Horrez gainera, informazioa jasotzeko mankomunitatearen 943-85 73 19 telefonora deitu daiteke 08:30etik 14:00etara edota ueue@urolaerdia.eus helbidera idatzi.