Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko Naiara Tena azpeitiarrak brontzezko domina eskuratu zuen atzo, igandea, Arrasateko Mojategin (Gipuzkoa) jokatutako Gipuzkoako Atletismo Txapelketan. 200 eta 400 metroko probetan parte hartu zuen Tenak, eta proba laburrean eskuratu zuen domina.
Atletico San Sebastain taldeko bi lasterkari sailkatu ziren azpeitiarraren aurretik, Nerea Eugi (00.24.89) eta Clara Lozano (00.25.29), hurrenez hurren. Tena haiengandik ehuneneko gutxira sartu zen helmugan –00.26.01 denbora egin zuen–, eta hori horrela, brontzezko domina eskuratu zuen. Zapatuan, berriz, 400 metroko finala jokatu zuen Tenak, eta orduan laugarren sailkatu zen 00.57.43 denbora eginda. Dena den, bere markarik onena ezarri zuen proba horretan.
Bestalde, Jokin eta Ibai Maiz anaiek eta Josu Larrañagak ere parte hartu zuten txapelketan. Jokin eta Ibai Maiz 800 metroko proban lehiatu ziren. Jokin sailkapen orokorreko bosgarrena izan zen (02.00.14), eta Ibai bederatzigarrena, nahiz eta bere finala irabazi (02.05.24). Larrañaga, berriz, 100 metroko lasterketan aritu zen, eta 00.11.95 denboran osatu zuen proba.