Basazabal eta parrokia zabaldu ditu udalak, berotik babestu nahi dutenentzat

Julene Frantzesena

Hainbat eserleku jarri dituzte Basazabalen. (Azpeitiko Udala)

Tenperatura altuak tarteko, Basazabal 22:00etara arte izango da irekita, eta parrokia, berriz, 20:00etara arte. Bi leku horiek baliatu ahal izango dituzte herritarrek berotik ihes egiteko. Halaber, herrian zenbait itzal leku badirela gogorarazi du udalak, baita babes izan daitezkeen hainbat udal azpiegitura ere.

Egunotako tenperatura altuak tarteko, herritarrak berotik babesteko neurriak hartu ditu Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, Basazabal jauregia eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokia zabalik izango dira datozen orduetan, berotik ihes egin nahi dutenentzat. Basazabal 22:00etara arte izango da irekita, eta parrokia, berriz, 20:00etara arte.

Halaber, udalak gogorarazi du beste zenbait udal azpiegitura ere egokiak izan daitezkeela berotik babesteko, hala nola liburutegia, kiroldegia nahiz igerilekuan atondutako egoteko gunea. Bestalde, erakundeak esan du itzalpean egoteko leku egokiak direla liburutegiaren atzeko berdegunea nahiz Loiolako lorategiak, eta Izarraizko Ateko ur txorroak baliatu daitezkeela bustitzeko. 

Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako zuzendaritzak Osasun Sailak egindako Bero Planean jasotako babes gomendioak jarraitzea aholkatu du. Izan ere, datozen orduetarako eta egunetarako muturreko tenperatura altuak aurreikusi dituzte. Honako lotura honetan irakur daitezke gomendio horiek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide