Kriston Burrundaie musika jaialdia egingo dute aurrenekoz irailaren 19an

Maialen Etxaniz 2026ko ekainaren 24a

2024ko Zubizar Fest jaialdiko irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Triku Festie zena gogoan hartuta antolatu dute Azpeitiko musika taldeak protagonista izango diren jaialdia. Duela hilabete inguru hasi ziren antolakuntza lanekin.

Azpeitiko musika taldeen eta musikarien plaza izateko nahiz musika herriko kaleetara eramateko xedez, Kriston Burrundaie jaialdia antolatu dute irailaren 19rako. Zubizarreko musika taldeen sustapenez hasi ziren jaialdia antolatzeko bilerak egiten duela hilabete inguru, baina Zubizarretik harago doa jaialdia; izan ere, hainbat belaunalditako eta musika mota desberdinetako askotariko taldeak igoko dira oholtzara irailaren 19ko hitzorduan. Taldeen zerrenda ixteko dago oraindik.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, jaialdia ez da leku bakarrera mugatuko; hau da, Alde Zaharreko hainbat txokotan eskainiko dituzte kontzertuak. Parte hartzaileen zerrenda osoa eta jaialdiaren xehetasunak aurrerago emango dituzten arren, hauek dira, oraingoz, jaialdian ariko diren musika taldeak: Puntapaxa, Zazen, Azax, Istilu, Deñe, ChekBoyz, Lurrikara eta GZKL, Nora eta Jokine, MD Moha, Rekiem, Jipoituak, ELE, Esur Beltxa, Atsekabe eta Labankada.

Garai batean Triku Festie izan zena gogora ekarrita hasi ziren jaialdia antolatzen, herriko taldeen musika kaleratzeko nahiz herriratzeko asmoz. Antolatzaileen hitzetan, "herriko taldeen saretzea eta harremana sustatzea, bertako taldeei zuzenekoak eskaintzeko aukera ematea, musikarekin kaleak hartzea eta makro jaialdien garaiotan eszena antikomertziala sustatzea" dira egitasmoaren helburuak. 

Datozen asteetan jakinaraziko dituzte jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak, baina data gordetzeko deia egin diete herritarrei. 

Zubizar Festek, geldialdia

Aurten ez dute egingo uztailean antolatzen duten Zubizar Fest jaialdia; izan ere, antolatzaileak iraileko hitzordura begira ariko dira lanean, baina ez dute baztertu hurrengo urteetan jaialdia berreskuratzea. "Aurten geldialdia egingo dugu, eta datorren urtean ikusiko dugu Zubizar Fest antolatu edo ez", adierazi dute

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide