Etxebizitza eraikinak eraberritzeko, etxeetan energia eraginkortasuna nahiz irisgarritasuna hobetzeko obretarako eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko diru laguntzak eskatzeko epea ireki du Azpeitiko Udalak, beste urte batez. Laguntza eskatzeko epea urriaren 31ra artekoa izango da.
2022. urtetik ematen ditu etxebizitzak hobetzeko eta energia eraginkortasunean eragiteko diru laguntzak udalak. Aurtengoan, 250.000 euro bideratuko ditu udalak laguntzetara, iaz baino 50.000 euro gehiago. "Herritarrek beharrezko berrikuntzak egiteko oztopo ekonomiko txikiagoak izan ditzaten lagundu nahi dugu, etxebizitza duin, eroso eta jasangarriagoak izan ditzaten", azaldu dute Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak eta Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak.
Diruz kopurua gehitzearekin batera, aurtengo deialdiak bi berrikuntza izango ditu, udaleko ordezkariek adierazi dutenez. Alde batetik, etxebizitza eraikinen fatxadak mantentzeko eta berritzeko laguntzak udalerri oso zabalduko dituzte. Aurten arte, Azpeitiko Alde Zaharreko etxebizitzei eta Urrestillakoei zegokien laguntza hori eskatzea. "Etxebizitzen mantenurako, ordea, funtsezkoa da fatxadak behar bezala mantentzea. Horregatik erabaki dugu laguntza lerro hori udalerri osora zabaltzea". Laguntza horiek %25ekoak izango dira. Dena den, Alde Zaharreko eta Urrestillako etxe zaharrei laguntza berezia ematen jarraituko du udalak, eremu horietako fatxadetan egindako lanek %40ko laguntza jasoko baitute.
Bestetik, eguneratu egingo dituzte diru laguntzen gehieneko zenbatekoak. "Bizi-kostuaren garestitzea kontuan hartuta, laguntza lerro guztietako gehieneko kopuruak %15 inguru handituko ditugu", esan dute udal ordezkariek.
Etxebizitzei lotutako diru laguntza programak lau lerro ditu, honakoak dira lerroak: Irisgarritasuna hobetzeko lanetarako da bat; energia efizientzia hobetzeko lanetarako beste bat; energia iturri berriztagarrien instalaziorako lanetarako da hirugarrena; eta etxebizitza eraikinen kontserbazio obretarako laugarrena. Laguntzak eskatzeko oinarriak eta eskaera orriak Azpeitia.eus webgunean kontsultatu eta lor daitezke.
