Garaiko beharrei erantzuteko, baserritarrentzako lanerako tresnak ekoizten hasi zen Marcial Uzin, orain dela ia mende bat. Lehendabiziko urteetan 30 langileko tailer koskorra izan zena, 500 langileko altzairutegia izatera iritsi zen gero. Familia enpresa zena, enpresa multinazionalen esku ere egon zen, hainbat jabe izan baitzituen harik eta 2013an itxi zuten arte. Marcial Ucin –martxielenekoa– zena, Aceralia, Arcelor eta Gallardo taldeen esku egon ondoren, Cristian Lay taldearena da gaur egun. Baina esku aldaketa ia guztiak azken mende laurdenean egindakoak izan dira, aurreneko ia 75 urteetan Uzin eta Guibert familiena izan baitzen enpresaren jabetza.
Errementari lantegia altzairutegi handi bihurtu zen, eta urteen poderioz, lur eremu handiagoa hartzen joan zen enpresa: Foru Ibilbidetik Amue ingurura zabaltzen joan ziren fundizioaren azpiegiturak aurrena, eta ondoren, laminazioko plantarekin eta bulegoen eraikin berriarekin, Landetan Gazteko biribilgunera arteko espazioa hartu zuen. Gainera, Lasaon ere martxan jarri zuten lantegia.
Marcial Ucin izandako fundizioa, Alfonso Gallardok itxi zuenetik, hondatzen joan da pixkanaka, eta lantegia eraisteko baimen guztiak lortuta ditu haren jabea den Cristian Lay taldeak. Eraitsi zain dago orain.
1927. Ondarrekoaren lehen alea
Marcial Uzin Odriozola (Azpeitia, 1898-1972) Ondarre baserriko semeak lur batzuk alokatu zituen eta errementaritzako tailerra sortu zuen orain dela ia mende bat, 1927. urtean. Nekazaritzari lotutako lantegia izan zen aurrenekoa, baserri lanetarako lanabesak edota igitaiak ekoizten zituena. Uzin errementarien semea eta biloba zen, eta lanbidea gertutik ezagutzen zuen. Lantegi hori gerora Marcial Ucin enpresaren bulegoak izan ziren tokian sortu zuen, eta 30 langile izatera iritsi zen.
Tailerra zabaldu eta hiru urte igarotzerako, 1930erako, alegia, nekazaritzako makinak egiten ere hasi ziren, eta Kanadako erako sarea zen ekoizten zuten produktu nagusietako bat. Lantegian bi sutegi, hainbat prentsa, gabiak eta zulagailuak zituzten.
1936ko gerra hasi zenean, Bizkaiko Labe Garaietatik lehengaia ekarri eta nekazaritzako erremintak egiten jarraitu zuen enpresak. Kurbatutako xaflak Azpeitiko lantegian ekoizten zituzten, eta gero, Pedro Uzinek –Marcialen semeak– autobusez Elgoibarrera (Gipuzkoa) eramaten zituen, han Benito Unzuetaren tailerrean ahoak pikatzeko, limatuz; era horretan, belarretarako horzdun igitaiak egiten zituzten. Eta, gainera, garai hartan aterki fabrikatzaile ezaguna zen Oñatiko (Gipuzkoa) Juan Garairen lantegian egindako zurezko kirtenak jartzen zizkieten igitaiei.
1939an, gerra bukatu zenean, La Solana lantegia berriro hasi zen Azpeitia inguruak nekazaritzarako lanabesekin hornitzen, eta orduan, Marcial Ucin lantegiak utzi egin zion baserrirako tresnak fabrikatzeari. Altzairugintzarako bidea hartu zuen; hau da, eraldatutako produktuetarako lehengaia ekoizten hasi zen.
Negozio ildo berriaren hasieran, bigarren eskuko ijezketa edota laminaziorako tren bat erosi eta martxan jarri zuen enpresak. 1952an, berriz, altzairutegiko labe elektriko txiki bat erosi zuen; inbertsio horrek ijezketa jarduera optimizatzeko balio izan zion lantegiari, eta hormigoi armaturako barrak ekoiztera bideratu zuen jarduera.
Altzairu uzkurtuan espezializatu zuen Marcial Ucinek bere jarduera, eta horrek sektorean finkatzea eta irabaziak izatea eragin zion enpresari.
1958tik aurrera, enpresa hazten
1950eko hamarkadan, industrializazioarekin eta modernizazioarekin batera, euskal siderometalurgiaren sektorea hazi eta hedatu egin zen.
Pedro Uzin, Marcialen semea, enpresan lanean hasita zegoen ordurako. Aita hildakoan, enpresaren ardura hartu zuen hark, eta Jesus Guibert koinatuarekin elkarnabatu zuen enpresaren zuzendaritza –1983ko martxoaren 21ean Guibert Azpeitian bahitu eta hamazazpi egunez gatibu eduki zuten Komando Autonomo Antikapitalistek–. Uzin eta Guibert enpresaren gidari zirela igaro zen lantegia enpresa talde izatera: 1958an, Marcial Ucin altzairutegia zena Grupo Marcial Ucin SA bihurtu zen, 5.600 milioi pezetako kapital sozialarekin. Taldeak Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao, Getafe, Baionako ADA eta Zumarragako (Gipuzkoa) Esteban Orbegozo enpresak batzen zituen, eta ekoizpena, guztira, 2,5 milioi tona altzairu likidokoa izatera igaro zen.
1999. Taldearen salmenta: Aceralia
XX. mendearen hondarretan, Marcial Ucin taldea Aceralia (Arcelor Mittal) enpresari saldu zioten, 29.000 milioi pezetaren truke (174 milioi euro).
Arcelor Corrugados Azpeitia zen garaian, Azpeitiko altzairutegi lantegia handitzeko eta Arcelor Corrugados enpresaren errepidez bi aldetako lantegiek bat egiteko, bi biribilgune eraiki zituzten. Batetik, Landetako Gazteko biribilgunea egin zuten, eta obren kostua Arcelor Corrugadosek hartu zuen bere gain. Bestetik, bigarren biribilgune bat egin zuten Amue zubiaren parean; aurretik kamioientzako aparkalekua zegoen tokian, aparkalekuaz gainera, biribilgunea eraiki zuten. Aparkalekua pribatua izatera igaro zen, eta biribilgunea gurutzatu ahal izateko oinezkoentzako pasabide bat ere eraiki zuten errepidearen azpian. Kasu horretan, Arcelor Corrugados Azpeitiaren, Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean ordaindu zituzten obrak. Garai hartan enpresak adierazi zuenez, errepidez bi aldeko industrialdeak batzeaz gainera, kamioiei enpresarako sarbidea erraztu zieten. Bi biribilguneak bukatutakoan, amaitutako produktuekin Arcelorretik ateratzen ziren kamioiak Gazteko biribilgunetik ateratzen ziren, eta txatarrarekin lantegira sartzen ziren ibilgailuek Amueko zubiaren ondoan zuten sarrera.
Bost urtez bakarrik izan ziren Azpeitiko eta Lasaoko Corrugados lantegiak Arcelorren esku.
2005. Alfonso Gallardo taldearen esku
Alfonso Gallardo Espainiako industria taldeak erosi zizkion Marcial Uzinenak izandako Azpeitiko bi siderurgia lantegiak (Azpeitia eta Lasao) eta Getafekoa (Espainia) Arcelorri, 320 milioi euroren truke. Jabe berria izan arren, ekoizpen aldetik garai oso onak bizi izan zituen enpresak hainbat urtetan, baina eraikuntza sektoreko krisiarekin, 2010ean hasi zen gainbehera. Izan ere, handik urtebetera, 2011n, Brasilgo CNS enpresari Azpeitiko lantegia saltzen saiatu zen Gallardo 382 milioi euroren truke –orduan Alfonso Gallardo enpresa taldeak argitaratutako datuen arabera–, nahiz eta bertan behera gelditu zen salerosketa. Garai hartan, 70 langilek egiten zuten lan Lasaoko tailerrean, eta 434k, berriz, Azpeitikoan, eta 1,1 milioi tona ekoizteko ahalmena zuten.
Burdingintza sektoreko enpresa zen Corrugados Azpeitia; hagaxkak eta ziriak egiten zituzten. Azken urteetan, ziri bera bilkari forman ekoizten zuten, eta burdin hariak edo alanbre lodiak ere egiten zituzten. Eraikuntzarako materiala zen ekoizten zutena.
Eraikuntzako sektorearen gainbeheraren ondorioei aurre egiteko, lantegirako bideragarritasun plan bat aurkeztu zuen Alfonso Gallardo enpresaburuak: 400 langiletik 140 kaleratzea aurreikusi zuen, 2011ko azaroan aurkeztu zuen lana erregulatzeko txostenean jaso zuenez. Eusko Jaurlaritzaren eta Gallardoren arteko akordio bat tarteko, kaleratze gutxiago gauzatu zituen, ordea: 2012ko urtarrilean ehun behargin kaleratu zituen. Jaurlaritzarekin egindako hitzarmena ez zuen bete, ordea, enpresak; urte hartako ekainean, beste 60 langile kaleratu eta soldatak %35 murriztu zituen. Horren aurrean, Enpresa Batzordea mobilizatzen hasi zen. Hain zuzen ere, ekainaren 15etik 22ra astebeteko greba egin zuten beharginek, eta egoera ez zenez aldatu, greba mugagabeari ekin zioten segidan –itxialdia ere egin zuten laminazio lantegian–. Lan gatazkak itxiera arte iraun zuen Corrugados Azpeitian.
2013. Ekoizpenaren etetea
Sei hilabeteko grebaren ostean, 2013ko urtarrilaren 4an greba utzi zuten langileek enpresarekin negoziazioak hasteko, eta hil haren bukaeran martxan jarri zuten Corrugados Azpeitia, baina langileekin ez zuen akordiorik erdietsi Gallardo Taldeak. Otsaila gorabeheratsu igarota, martxoan Corrugados itxi egingo zuela jakinarazi zien Gallardok Enpresa Batzordeko kideei. Apirilean Corrugados Azpeitiako 300 langile eta Lasaoko 38 kaleratzeko txostena aurkeztu zuen Gallardok, eta abuztuaren 5ean gauzatu zituen azken kaleratzeak.
2013ko abuztuaren 7an itxi zituen Alfonso Gallardok Corrugados Azpeitiaren fundizioko eta laminazioko lantegiak. Orduz geroztik, behin baino gehiagotan izan dira Corrugados Azpeitia berriro irekiko ote zuten zurrumurruak; adibidez, EFE berri agentziak 2017ko martxoan jakinarazi zuen Gallardo Taldea lantegia berriz zabaltzea aztertzen ari zela. Dena den, ez da halakorik gertatu.
2018. KKR inbertsio funtsak erosita
Corrugados Azpeitia itxi eta bost urtera, Kohlberg Kravis Roberts (KKR) Ipar Amerikako inbertsio funtsak erosi zuen Gallardo Balboa Taldea, Europako Batzordeak erosketarako baimena eman ostean; era horretan, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao KKR-ren esku gelditu ziren. Erosle horren esku ere denbora gutxi egin zuten siderurgiako Azpeitiko bi lantegiek.
2020tik Cristian Lay taldearen esku
2020. urtean, KKR inbertsio funtsetik Cristian Lay taldearen eskuetara pasatu berritan, Corrugados Azpeitiaren balizko irekieraren inguruan ahotsak altxatzen hasi ziren berriro. Azpeitiko udal gobernuak proposatuta zuen ordurako herriguneko labea Trukutxo eremura eramatea, baina Cristian Lay taldeak ez zuen aukera hori lehenetsi. Hain zuzen ere, Layk herriguneko eremuan jarri nahi zuen labea martxan.
Gaur egun, Cristian Lay taldearenak dira Corrugados Azpeitia eta Lasao, eta gaur-gaurkoz Lasaokoa da martxan dagoen bakarra. Corrugados Lasaon elektrosoldatutako metalezko mailak ekoizten dituzte. Hainbat lan gatazka izan dituzte lantegi horretan, baina gaur egun irekita segitzen du. 2019an, 30 behargin inguruk egiten zuten lan Lasao auzoan kokatutako lantegian; izan ere, 2013ko abuztuan, 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardo Taldeak.
Azpeitiko lantegia itxita dago, baina hainbat eremu ditu: herriguneko labeak, laminazio lantegia nahiz bulegoak. Bestalde, Cristian Lay taldearenak ziren Trukutxo eremuko azpiegiturak Hierros Servandok erosita ditu, Azpeitia eta Lasao arteko Anardi-Badiolegi eremuan birziklapen lantegi bat martxan jartzeko.
Trukutxo eremuak 28 bat hektarea ditu, eta Gallardo Taldea 2006an hasi zen eremu horretan lurrak erosten; hainbat azpiegitura egin zituen han, labeak eta txatarra parkea hara lekualdatzeko asmoz. Horretarako, bi pauso eman zituzten erakundeek: Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarautz-Azpeitia eremuko Lurralde Plan Partziala aldatu zuten 2009an; Azpeitiko Udalak, berriz, Hirigintza Plan Orokorra aldatu zuen 2013an.
2026. Eraisteko prest
Marcial Uzin enpresariak ernatu zuen baserriko lanabesen lantegiaren ondorengo Amueko eremuko Corrugados Azpeitia lantegia eraisteko pronto dago. Fundizioa izandako lantegia botatzen hasteko baimena joan den apirilaren erdian eman zuen Azpeitiko Udalak.
Herrigunearen erdian, bederatzi hektarea hartzen ditu Amueko eremuak. Horietatik zazpi hektarea zaharkitutako industria guneak betetzen ditu gaur egun, baina udalaren arabera, aurki "itxura guztiz ezberdina" izango du eremuak. "Enpresarekin harremanetan gaude, eta baieztatu digute laster hasiko direla eraikinak botatzen", iragarri zuen apirilean Nagore Alkorta alkateak. Hain zuzen, lur horien jabeari dagokio eraisketa lanak egitea. Eraikinak barrutik hustu, eraikinak bota, lurra deskutsatu... hainbat faseko prozesua pasatu beharko da eremua beste erabilera batzuetarako erabilgarri egon aurretik. Barrutik husteko lanak ekainean hastekoak zirela baieztatu zuen udalak aurrena, eta gero, uztailaren bukaeran ekingo zietela.
2024an onartu zuen Azpeitiko Udalak behin betiko Amueko eremurako Plan Berezia. Plan horretan jasotzen den bezala, etorkizunean espazio horretan etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea da asmoa.
Arcelor lantegiko langileak, 2004. urtean. (Nerea Uranga)
2005. urtean Amuen biribilgunea eta Arcerlor enpresako kamioientzako aparkalekua egiteko obrak. (Guka)
Corrugados Azpeitiara kamioi bat sartzen, 2013ko urtarrilean.
Corrugados Azpeitia, 2012an.