Bukatu dituzte Etxe Alai auzoko berrurbanizazio lanak

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 27a

Etxe Alaiko lanak, bukatuta. (Julene Frantzesena)

Urte eta erdi inguru behar izan ditu udalak hiru fasetan gauzatutako lanak amaitzeko. Ia milioi bat euroko aurrekontua izan dute lanek, eta auzo guztiko espaloiak eta zoladura berritu, eskailerak egokitu, aparkalekuak margotu, saneamendu sarea hobetu eta argiteria aldatu dute.

 

Urte eta erdi pasatxoren ostean, Azpeitiko Udalak bukatu ditu Etxe Alai auzoa berrurbanizatzeko lanak. Auzoko beheko kaletik goikora, hiru fasetan gauzatu ditu erakundeak lanak. Irisgarritasunari eta oinezkoen segurtasunari lotutako hobekuntzak egin dituzte batez ere: auzo guztiko espaloiak eta zoladura berritu, eskailerak egokitu, aparkalekuak margotu, saneamendu sarea hobetu, argiteria aldatu eta abar.

Etxe Alaiko auzotarrekin proiektuaren nondik norakoak azaltzeko eta ekarpenak jasotzeko hainbat bilera egin zituen udalak, eta guztira, 936.000 euroko inbertsioa egin du udalak eremu hori berritzeko. Udalak azaldu duenez, Urrestillako berrurbanizazioarekin batera, Etxe Alaikoa izan da azken bizpahiru urteetan erakundeak halako lanetan egin duen inbertsiorik handiena. Hain zuzen ere, Urrestillako lanak azken txanpan direla adierazi du udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide