Euskal dantzak, Azpeitia Dantzaneko lehen hitzorduan

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 28a

Luix Beltza dantza eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eskaini zuten Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko lehen emanaldia atzo. Euskal dantza hainbat eraman zituzten ikasleek Soreasu antzokiko agertokira.

Luix Beltzaren dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleek emanaldi ederra eskaini zuten atzo arratsaldean, ia leporaino bete zen Soreasu antzokian. Azpeitia Dantzan egitasmoko aurreneko hitzordua izan zen atzokoa, eta euskal dantzak eskaini zituzten ehun dantzari inguruk, musika eskolako trikitilariek eta txistulariek lagunduta. Batez ere, Gipuzkoako nahiz Bizkaiko dantzak egin zituzten, eta emanaldia Ipar Euskal Herriko dantzekin bukatu zuten. Halaber, Xabi Solanoren eta ETSren hainbat abestiren doinuekin ere egin zuten dantza agertokira igo zirenek. 

Lehen hitzordua baino ez zen izan atzokoa; izan ere, beste hiru dantza emanaldi izango dira aurtengo Azpeitia Dantzanen barruan. Hurrengo igandean, esaterako, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen txanda izango da. Hurrengo bi hitzorduak uztailaren 11n eta 19an izango dira, eta horietan Sahatsakoek eta Itsasikoek eskainiko dituzte emanaldiak, hurrenez hurren. Emanaldi guztietako sarrerak doakoak izango dira, baina aurrez hartu egin beharko dira, Kulturaz kooperatibaren webgunean.

Hona hemen Azpeitia Dantzanen egitaraua:

Uztailaren 5a, igandea. 

  • 19:00. Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen emanaldia, Soreasu antzokian.

Uztailak 11, zapatua.

  • 19:30. Kalejira eginda, dantza emanaldia plazan eskainiko dute Sahatsa dantza taldekoek.

Uztailak 19, igandea.

  • 19:00. Itsasi dantza taldeko kideen emanaldia, Soreasu antzokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide