LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, igandea, eta hainbat lagunek egin dute bat Astindu Armayuek kolektiboak eguerdirako deitutako elkarretaratzearekin. Plazan elkartu dira hainbat herritar, Faxismoaren aurrean, harrotu lumak zioen pankartaren atzean, eta hain zuzen ere, lumak astintzeko deia lau haizetara zabaldu dute Astindu Armayuek kolektiboko kideek.
Gaurkoa jende askorentzat "igande eguerdi arrunt" bat izan arren, LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna dela adierazi dute. Astindu Armayuek asanbladak ibilbidea duela bi urte hasi zuela oroitarazi dute, eta ordutik herriak "beste itxura bat, kolore bat", hartu duela esan. Izan ere, hastapenetatik heteroaraua hankaz gora jartzea eta Azpeitiak eta azpeitiarrek merezi duten eraldaketa gauzatzea izan dituztela iparrorratz adierazi dute. "Gure askotariko identitateek espazioa izango duten herria desiratzen dugu, eta bide horretan askotariko jarduerak egin ditugu ikasturtean, hainbat eragilerekin elkarlanean".
Bidean jasotako babesa "ikaragarria" izan bada ere, txanponaren bestaldea aipatzeke uzterik ez dagoela adierazi dute. "Hainbat sistematikoki gure jarduna oztopatzen saiatu dira bidea hasi genuen unetik, eta ikasturte honetan jarri ditugun kartelak apurtuta aurkitu ditugu behin eta berriz. Azkenengoa Sanjuandegiko festetan izan zen, Feministen Sareko pankartarekin batera". Asanbladako kideen aburuz, horren erakusten du oraindik ere badirela kolektiboko kideak herritik kanpo nahi dituzten herritarrak: "Badira gure identitatea ukatzen dutenak, eta egin ahalak egingo dituztenak desiratzen dugun herri transfeminista, euskalduna, parekidea, bizigarria eta askea lortzeko bidean". Horiei zuzendu zaizkie Astindu Armayuekeko kideak, ahoan bilorik gabe: "Ez dute lortuko gu hondoratzerik, ez kikiltzerik, ezta herritik aldentzerik ere. Aurrez aurre izango gaituzue!". Halaber, egoera horrien aurrean posizionatzeko eskaera egin diete babesten dituzten herritarrei: "Bestaldera begiratzeko eskatu nahi diegu, eta gertakariak salatzeko".
Bestalde, gaurko egunaren garrantzian eta kutsu politikoan egin dute azpimarra, zeharo kezkatzen baititu azken urteetan, harrotasunaren izenean, zenbaitek LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunari eman nahi izan dion norabideak: "Ez dugu nahi bankuek, enpresek eta multinazionalek gure koloreak bereganatzerik beren etekin eta interes pribatuetarako. Era berean, ez ditugu aitortzen eta babesten instituzioek bultzatutako hiriburuetako pride desfileen kopia despolitizatuak. Ozen aldarrikatu nahi dugu harrotasuna ez dagoela salgai", adierazi dute. Halaber, argi utzi dute kuir identitateak ez direla eztabaidagarriak, jendeak beren izatearen bueltan dituen iritziak ez zaizkiela batere interesatzen, eta esan dute aurre egingo dietela sare sozialetan, telebistako eztabaidetan nahiz aurrez aurre jasaten dituzten eraso faxistei eta erreakzionarioei.
Urteak igaro dira Azpeitian azkenengoz LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunaren bueltan mobilizazio bat egin zenetik, eta Astindu Armayuekeko kideek esan dute hutsune hori betetzera bueltatu direla. Gainera, horiek aitortza egin diete gorputzen eta identitate askatasunaren alde indarrak, ahalegina eta gorputza jarri duten erreferente guztiei: "Eredu zarete guretzat, eta Astindu Armayuek ez litzateke existituko aurrez zuek egindako lan guztia egin izan ez bazenute. Horregatik, tinko eutsi nahi diogu zuek hasitako lanari, eta herri bizia, antikapitalista, antiarrazista eta euskalduna sortzen jarraituko dugu".