Bizikletak kalean, seguru eta eroso

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 20a

Salbe auzunean dagoen aparkaleku itxia. (Aitziber Arzallus)

Joan den uztailean bizikletentzako bi aparkaleku itxi jarri zituen udalak, bata Salbe auzunean eta bestea Jose Artetxe kalean. Harrezkero, 73 herritarrek egin dute horiek erabiltzeko beharrezkoa den kontua. Udala pozik da herritarren erantzunarekin, eta erabiltzaileak gustura daude zerbitzu berriarekin. Ekaineko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

Azpeitia ez da Zarautz, ezta Donostia ere. Bizikletaz mugitzeko herri egokia da, baina jendeak ez du horrenbesteko ohiturarik. Hala ere, geroz eta gehiago dira garraiobide horren aldeko hautua egiten duten herritarrak, azkarra eta erosoa delako, eta horren jakitun da udala ere, nahiz eta oraingoz behintzat ez duen bizikletaren erabileraren inguruko neurketa zehatzik egin. Bizikletak aparkatzeko leku ugari daude herrian barrena, eta hainbat berri jarri dituzte azken hilabeteetan ere, batez ere ikastetxeen inguruetan eta, baina badira bi bereziak, itxiak. Joan den uztailean jarri zituen horiek udalak, bata Salbe auzunean eta bestea Jose Artetxe kalean. Hamarna bizikleta sartzeko lekua du bakoitzak, eta Pverde izeneko aplikazioan edo parkingverde.com webgunean erregistratu beharra dago horiek erabili ahal izateko. 

"Aparkaleku itxiak jartzea erabaki genuen herritarrek bizikletak gauez kalean lasai utz zitzaten", azaldu du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak. "Geroz eta herritar gehiagok dituzte bizikleta elektrikoak, eta normala da erreparoa ematea horiek kalean uzteak, asko balio dutelako. Eta elektrikoak izan gabe ere, gauza bera gerta daiteke bestelako bizikletekin", jarraitu du. Aparkaleku itxiak jartzea erabakitzeko orduan, segurtasunarena alderdi "erabakiorra" izan zela dio. 

Horrelako aparkalekuak jartzea aztertzen hasi zirenean, batean eta bestean galdezka ibili ziren udal ordezkariak, eta ikusi zuten Hernanin (Gipuzkoa) jarri zutela horietako bat. "Galdezka joan ginen eta esan ziguten herritarren aldetik erantzun oso ona izan zuela hangoak, herritarrek oso gustura hartu zutela eta asko eskertu zutela". Horregatik, Azpeitian gauza bera egitea erabaki zuten. "Hori bai, aholkatu ziguten aparkaleku bakarra jarri beharrean, bi jartzeko, eta halaxe egin genuen". Azpeitikoek, gainera, berezitasun bat dute: bizikleta elektrikoak kargatzeko aukera ematen dutela, entxufeak dituztelako barruan. "Jakitun gara bi aparkaleku ez direla nahikoa herri guztiari zerbitzua emateko, baina hasiera batean eta proba bezala bi toki estrategikotan jartzea erabaki genuen, eta ikustea zer-nolako erantzuna izaten zuten", adierazi du Amenabarrek.

Hamar hilabete igaro dira bi aparkaleku itxiak jarri zituztenetik, eta herritarren erantzunarekin "oso gustura" dago udala, dagoeneko 73 herritarrek eman baitute alta aparkaleku horiek erabiltzeko ezinbestekoa den aplikazioan edo webgunean. "Horrela esanda agian ez dirudi sekulako kopurua denik, baina kontuan izanda aparkaleku bakoitzak hamar bizikletarentzako lekua duela, kontuan izateko moduko kopurua iruditzen zaigu. Ikusi dugu, gainera, dezenteko mugimendua izaten dela aparkaleku horietan, dezenteko sartu-irtena, eta okupazioari dagokionez, batez beste, %50ekoa-edo dela. Horrek esan nahi du alta emanda dauden erabiltzaileek ez dutela arazorik izan bizikleta aparkatzera joan direnean, eta hori ere interesgarria iruditzen zaigu".  

Izan ere, zinegotziak gogorarazi du aparkaleku horiek ez direla bizikletentzako garajeak edo gordelekuak. "Kontua ez da bizikleta aparkalekuan sartu eta negu osoan han gordeta izatea; herritarrak bizikletaz hara eta hona ibiltzea sustatzea dute helburu". Erabilera arauetan ere jarrita dago hori, alegia, ezin dela zazpi egunez baino gehiagoz bizikleta mugitu gabe eduki.

Maider Ondartza eta haren alaba June Olaizola Jose Artetxe kaleko aparkalekuaren parean, bizikleta handik atera ostean. (Aitziber Arzallus)

Irtenbide praktikoa

Maider Ondartza eta June Olaizola ama-alabak aparkaleku itxi horien erabiltzeak dira. Egiazki, Olaizolak erabiltzen du, baina 8 urte besterik ez dituenez, Ondartza da aplikazioan erregistratuta dagoena. "Pare-parean egokitu zitzaigun", hasi da kontatzen Ondartza. "Duela urtebete inguru, lehengo bizikleta txiki gelditu zitzaiola eta, berria erosi genion alabari. Ez daukagu garajerik, laugarren solairuan bizi gara, eta egunero bizikleta igogailuan gora eta behera ibiltzea ez da batere erosoa, ezta etxean gordeta izatea ere". Alabak laguntza beharko zukeen bizikleta igogailuan gora eta behera ibiltzeko, eta kaleko aparkalekuren batean utzi beharko zutela pentsatzen hasiak ziren. Baina, horretan zirela, herrian bi aparkaleku itxi jarri zituztela zioen albistea irakurri zuen Ondartzak, eta proba egitea erabaki zuten. 

"Anbulatorio ondoko zubiaren bestaldean bizi gara gu, eta kokapenaren aldetik, ezin hobeto etortzen zaigu Jose Artetxeko aparkalekua. Hurbiltasunagatik, aplikazioak aukera ematen dit etxetik aparkalekua irekitzeko. Beraz, alabak esaten didanean iritsi dela eta bizikleta gordetzera doala, neuk ematen diot irekitzeko botoiari". Horrela, atea zabaltzen denean, bizikleta sartu eta giltzarrapoa jarri besterik ez du egin behar izaten Olaizolak; gero, ixteko botoiari ematen dio eta atea ondo itxi dela egiaztatzen du. "Amak ezin duenean, teklatuan zenbakia sartuta ere ireki nezake atea, baina, oraingoz, beti amak ireki izan dit etxetik", azaldu du Olaizolak. Bizikleta leku seguruan lagatzeko urratsak ondo ikasita ditu neskatoak. "Ixteko botoiari ez zaio eman behar bizikleta giltzatu aurretik, bestela atea itxi egiten baita", ohartarazi du. 

Aparkaleku itxia irtenbide erosoa eta segurua iruditzen zaie ama-alabei, eta hamar hilabeteotan ez dute inolako arazorik izan hura erabiltzeko orduan. Olaizolak bazituen bere zalantzak hasieran. "Hasieran, norbaitek harrapatuko zuela pentsatuz joaten nintzen etxera, hurrengo egunean lagatako lekuan topatuko ez nuen beldurrez, baina ez. Orain lasai lagatzen dut, badakidalako hurrengo egunean hantxe egongo dela", esan du, pozik. Gainera, aparkalekuek segurtasun kamerak dituzte barrualdean, edozer geratatzen dela ere. 

Toki aldetik ere sekula ez dute arazorik izan, behar izan dutenean beti topatu dute lekua. Hori bai, nabaritu dute geroz eta gehiago direla aparkaleku itxia erabiltzearen aldeko hautua egiten ari diren herritarrak. "Azkenaldian beteago sumatu dugu aparkalekua", zehaztu du Ondartzak. Haren esanetan, ez dute herritar gehiagok erabiltzen, ezjakintasunagatik. "Nik uste jendeak ez dakiela edonork erabil ditzakeela aparkaleku horiek, ezta doakoak direla ere, eta bizikleta lagatzen ari ginela ikusita, bat baino gehiago etorri izan zaigu galdezka".

Aparkaleku itxiez gain, beste hainbat ere badaude herrian barrena. Irudian, Perez Arregi plazatxokoa. (A. Arzallus)

Hobetze aldera, bi proposamen egin ditu Ondartzak. Batetik, egoki ikusiko luke erabiltzaile batek bizikleta bat baino gehiago uzteko aukera izatea. "Ni nago aplikazioan erregistratuta baina alabak uzten du bizikleta. Nik, alabarenarekin batera, nire bizikleta ere utzi nahiko banu, ezingo nuke, erabiltzaile bakoitzak bakarra uzteko aukera duelako". Bestetik, aparkalekuaren alboan gurpilak puzteko gunetxo bat izatearen falta sumatzen du. "Badakit Garmendin eta Loiolan-edo badaudela, baina ondo legoke aparkaleku horien ondoan ere beste bana jartzea".

Alta nola eman

Zerbitzua erabiltzeko, lehenik eta behin, erregistratu egin behar da. Horretarako, bi bide daude: PVerde aplikazioa eta parkingverde.com webgunea. 18 urtetik gorakoek eman dezakete alta zerbitzuan, eskatutako datuak beteta; adin txikikoen kasuan, gurasoek edo tutoreek egin behar dute erregistroa. Pertsona juridikoek ere badute alta eman eta beren langileei aparkalekuak erabiltzea baimentzeko aukera.

Behin alta emandakoan, kode bat jasoko du erabiltzaileak. Aparkalekura sartu ahal izateko, kode hori edo mugikorreko PVerde aplikazioa erabili beharko ditu, edo telefono zenbaki batera deitzeko aukera ere izango du.

Atea irekitzen den bakoitzean, pertsona batek utz dezake bizikleta giltzatuta, ez gehiagok. Hori egin ostean, ixteko botoiari eman beharko dio, eta atea ondo ixten dela egiaztatu, zerbitzuaren erabiltzailea ez den beste inor sar ez dadin.

Aparkalekuak ez dira garaje moduan erabiltzeko izango. Hori dela eta, bizikleta gehienez zazpi egunez utzi ahal izango da geldirik. Erabiltzaile bakoitzak bizikleta bakarra eduki ahal izango du aparkatuta aldi berean, eta bizikletaren osagarriek ere (umeen aulkia, erosketen orga...) ezingo dute toki bat baino gehiago hartu. Era berean, debekatuta egongo da bizikleta ez den beste edozer uztea aparkalekuan.

June Olaizolak 8 urte ditu eta Jose Artetxe kaleko aparkalekuan gordetzen du bere bizikleta berria; bakarrik moldatzen da. (A. Arzallus)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide