Azpeitikoop kooperatibak eta Azpeitiko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, "Azpeitian kooperatibismoa sustatzeko helburu komunean" proiektuak eta jarduerak gara ditzan. Akordio honi esker, besteak beste, Dinamoan udal espazio bat erabiltzeko baimena eta diru laguntza zuzena eskuratu ditu Azpeitikoopek.
Kooperatibismoa eta ekonomia soziala bultzatzea, eta Azpeitiko ehun ekonomiko eta soziala indartzera bideratutako ekimenak sustatzea ditu xede Azpeitikoop kooperatibak. Horrenbestez, udalak azaldu duenez, interes publikoko, sozialeko eta ekonomikoko arrazoiak daude, proiektuari udal laguntza eta lankidetza ematea justifikatzen dutenak.
Akordioarekin, besteak beste, Soreasuko Dinamoan dagoen udal espazio bat erabiltzeko baimena izango du Azpeitikoopek, gehienez lau urterako, bere jarduna garatzeko eta ekonomia nahiz gizartea dinamizatzeko, elkarlana sustatzeko eta ekonomia sozialaren balioak bultzatzeko jarduerak gauzatzeko. Halaber, 2026ko ekitaldian proiektuaren garapena finantzatzeko 20.000 euroko diru laguntza zuzena emango dio udalak Azpeitikoopi.
Hain justu, hilaren 24an izenpetu zuten hitzarmena alde biek. Mikel Ugarte Azpeitikoopeko Kontseilu Errektoreko kidea eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea bildu ziren akordioa sinatzeko.