Imanol Arizmendi: "Urtean 27.000 kilometro egiten ditut, gutxi gorabehera"

Jone Bastida Alzuru ('Berria' egunkaria) 2026ko uztailaren 1a

Imanol Arizmendi txirrindularia. (Utzitakoa)

Arizmendi ez da txirrindulari profesionala, baina makina bat ordu pasatzen ditu bizikleta gainean, "disfrutatuz", eta emaitzetan islatu da hori: hirugarren aldiz irabazi du Quebrantahuesos proba. Jone Bastidak Berria egunkarirako egin dio elkarrizketa.

Ziklismoa maite du Imanol Arizmendi txirrindulariak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991), eta bizikletan azaldu da elkarrizketara, nola bestela. Kirola ez du ogibide, baina meritu handiko garaipenak lortu ditu. Hain zuzen, hirugarren aldiz irabazi du Quebrantahuesos proba ezaguna; 2022an, iaz eta aurten izan da garaile. "Erraz esaten da, baina erraza ez da. Gustura egin arren, lan asko dago atzetik, eta denbora asko eskatzen du. Etxean ere zortea dut; bikotekideak asko laguntzen dit. Badaki nolakoa den ziklismo mundua, baina pazientzia handia du", aitortu du.

Proba entzutetsua da Quebrantahuesos. Gustuko duzun lasterketa bat da?

Bai. Korrika aritzen direnek Behobian parte hartzen duten bezala, bizikletan aritzen garenok Quebrantahuesos dugu buruan. Proba berezia da niretzat. Ibilbide gogorra du, eta bero egin zuen.

Nola joan zen lasterketa?

Proba oso azkarra izan zen hasieratik. Gainera, Portalet gainetik aurrera haizea kontra zegoen. Asko gogortu zen: ibilbideagatik, tenperaturagatik eta haizearengatik. Luze egin zitzaidan, baina azken 50 kilometroak Valverderekin [Alejandro, ziklista ohia] bakarrik egiteko zortea izan nuen. Nire umetako idoloa da. Gozatu egin nuen, baina sufritu ere bai.

Zer du berezia Quebrantahuesosek?

Hasteko, dagoen maila. Urteroko borroka zera da: zikloturista den edo ez, martxa den edo ez. Ziklokirola da, eta errepidea itxita dago, sailkapena egoten da, txipa izaten dugu, eta Youtuben zuzenean ematen dute. Oihartzun handia duen lasterketa bat da, eta denak ahalik ondoen prestatuta joaten dira. Erritmoaren ondorioz da gogorra. Jendea marmarrean hasten da, ondo aritzen direnak dopatuta ote doazen ala ez; nik zarata horri ez diot kasurik egiten, esaten dituztenek ez didate loa galarazten. Aurten ez digute dopin kontrolik egin, baina ez dago jakiterik. Adibidez, orain dela hiru urte, Valverdek irabazi zuenean, egin ziguten.

Kirolari ezagun askok hartzen dute parte. Xarma ematen dio horrek?

Bai. Denok dakigu Haimar Zubeldia nolako txirrindularia izan den. Luis Leon Sanchez eta Samuel Sanchez ere han zeuden, Angel Vicioso ere bai, Valverde bera... Horrek plus bat ematen dio.

Modu berezian prestatzen duzu proba?

Urte osoan antzera ibiltzen naiz. Egia da Quebrantahuesoserako prestakuntza zorrozten dudala, eta zenbait detaile gehiago zaintzen ditudala, azken hilabeteetan batez ere. Gainontzean, ez.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide