Duchenne FMkoek Oñatzera egingo dute aurtengo igoera solidarioa

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 1a

Iren Reyes azpeitiarra iaz Duchenne FMkoek Xoxotera egindako igoera solidarioko parte hartzaile batzuekin.

Duchenne FMk Duchenne Azpeitia udalekuak antolatu ditu aurtengo abuzturako Loiolako aterpetxean. Egonaldi horretan parte hartuko duten haurrekin eta familiekin Oñazko gurutzera igoera solidarioa egingo dute abuztuaren 15ean, eta herritarrei dei egin diete irteeran parte hartzeko, beren alea jarriz.

Duchenne FM elkarteak hirugarren urtez antolatu ditu Duchenneren giharretako distrofia duten haurrentzako udalekuak Loiolako aterpetxean. Abuztuan egingo duten egonaldi horren programaren barruan, abuztuaren 15erako Oñazko gurutzera igoera solidarioa antolatu dute, 10:00etan Loiolako aterpetxetik irtenda.

Udalekuetako haurrekin batera haien senideak ere igoko dira Oñatzera, baina hamahiru haur lur orotako gurpildun aulkian joango dira, eta haiek garraiatzeko eta bultzatzeko laguntza beharko dutela aurreratu dute Duchenne FM elkartekoek. Horregatik, herritarrak gonbidatu dituzte igoera solidarioan parte hartzera, beren alea jarriz, "laguntza izanda dena errazagoa baita", adierazi dute igoeraren antolatzaileek. Duchenne FM elkartearekin harremanetan jarri nahi dutenek duchennefm@gmail.com helbide elektronikora idatzi edota 679 54 42 53 telefono zenbakira Whatspp mezua bidali dezakete.

Duchenne Azpeitia udalekuen hirugarren aldia izango da aurtengoa, egonaldien sustatzaileetako bi azpeitiarrak dira: Iren Reyes azpeitiarra eta haren ama Veronica Reyes. Aurreko bi urteetako udalekuetan Xoxotera egin izan dute igoera solidarioa. Bi igoeretan ehun pertsonatik gora izan dira parte hartu dutenak, udalekuetako kideak eta boluntarioak kontuan hartuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide