Europako Mendietako irteeran izena emateko epea ireki du Lagun Onak MBk

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 1a

Lagun Onak MBkoak, iaz Europako Mendietan. (Lagun Onak MB)

Uztailaren 18 eta 19ko asteburuan joango dira Azpeitiko mendizaleak Europako Mendietara. 32 pertsonentzako tokia izango da irteeran, eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da mendian federatuta egotea.

Urteroko Europako Mendietarako irteera uztailaren 18 eta 19ko asteburuan egingo dute Lagun Onak mendi bazkunakoek. "Gure egutegiko hitzordu ederrenetakoa da", azaldu dute mendizaleek. Irteeran parte hartzeko plaza koprua mugatua da: 32 pertsonakoa. Izena uztailaren 16rako eman behar da. Izena emateko Lagun Onak MBren kontu korrontean (Rural Kutxa: ES05 3008 0152 64 5416695822) 100 euro sartu beharko dituzte mendi elkarteko bazkide direnek eta 120 euro bazkide ez direnek, norbere izen-abizenak adierazita. Ondoren, izen-abizenak adierazita, ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da. Irteeran parte hartzeko mendian federatuta egotea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute mendizaleeek. Ordainean sartzen dena da joan-etorriko autobusa, Poteseko Brisas del Deva albergean larunbateko afaria, lo egitea eta igandeko gosaria.

Mendi irteerarako prestatu duten plana honakoa da: uztailaren 18an, larunbatean, 04:00etan irtengo dute anbulatorioaren aurretik, eta 20 kilometroko eta 1.800 metroko malda positiboko ibilbidea egingo dute oinez Sotres-Vega de Urriellu-Horcados Rojoseko lepoa-Fuente Deko kablea. Igandeko ibilaldia, berriz, aukerakoa izango dela aurreratu dute: Cruz de la Viorna (1.151 m) mendira joan-etorria. Etxera itzultzeko  autobusa 12:00 aldera abiatuko da Potesetik eta bazkaria bidean egingo dute (ez dago ordainean sartuta).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide