Ertz askoko auzia da prostituzioarena, eta hainbat dira gizartean gaiaz egiten diren hausnarketak. Bada, denbora dezente darama auziaz gogoetatzen Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, eta egiten duten irakurketa elkarbanatzeko hitzaldi bira osatu berri dute Euskal Herrian zehar. Orain, hiriburu nagusiak igarota, auzia herrietara hurbiltzen ari dira. Bihar Urola bailararen txanda izango da: Azpeitiko Azoka Plazan eskainiko dute solasaldia, 18:00etan. Itaiako Maitane Urkola eta Eider Agirre ariko dira hizlari, eta horiek aurreratu dituzte hizpide izango dituzten ideia orokorrak.
Otsailean egin zuen Euskal Herriko Mugimendu Sozialistako emakumeen antolakundeak I. Kongresua, sortu zenetik bost urtera. Bertan aletu zituzten antolakundearen ikuspegi estrategikoa eta proposamen politikoa, eta lerro horietako bat da, besteak beste, emakumeen gorputzen salerosketarekin amaitzea.
'Prostituzioaren eztabaida hizpide' hitzaldia eskainiko dute Azoka Plazan
Itaiak prostituzioarekin amaitu behar dela aldarrikatzen du, "emakumeen zapalkuntzan eta indarkerian oinarrituta dagoelako eta industria oso bat dagoelako hortik milioika irabazi ateratzen dituena". Hainbat sektoretatik prostituzioarekin amaitzeko bide orria lege bidezko aldaketen bidez planteatu izan da, eta kritikoak dira planteamendu horrekiko: "Lege bidezko abolizioaren muga nagusia prostituziora jotzen duten emakumeek jasaten duten kriminalizazioa bera da, emakume asko eta asko ezkutura eta biolentzia maila handiagora eramaten baititu horrek. Gure iritziz, prostituzioa abolitzeko lege bidezko aldaketa ez da nahikoa, eta beharrezkoa da bertara jotzera eramaten gaituzten baldintza ekonomiko eta materialekin amaitzea. Borroka hori sistema kapitalista gainditzeko bidean egin behar da ezinbestean".
Azken urteetan prostituzioa legeztatzearen aldeko ikuspegiak azaleratu izan dituzte hainbat gizarte sektoretatik, baina Itaiak horien aurrean ere ikuspegi kritikoa dauka. "Askotariko proposamenak daude, eta badago prostituzioa despenalizatzearen aldeko jarrerarik. Proposamen horiek, noski, sektoreko emakumeen baldintzak hobetzeko helburuarekin egiten dira, baina gure iritziz, legeztatzeak berak ez du emakumeen egoera hobetzen, emakume horien interesen gainetik egongo direlako beti sektorea sustatzen duten enpresarien interesak", diote. "Gainera, kontuan hartu behar dugu emakume asko egoera irregularrean daudela, sexu esplotazio sareetan bahituta. Lege bidezko aldaketek ez diete eragiten emakume horiei guztiei", azaldu du Agirrek. Hori dela eta, Itaiak uste du martxan jarritako borroka prozesuek prostituzioarekin amaitzeko norabidean aurrerapauso izan behar dutela, eta ez kontrara.
Inork prostituziora jo behar ez izateko baldintzak garatzea dute xede
Baldintzak, garatzeke
Itaiaren aburuz, prostituzioarekin amaitzeko proposamenaren oinarrian dago "emakumeak prostituziora jo behar ez izateko baldintza ekonomiko eta materialak garatzea". Horrenbestez, prostituzioarekin amaitzeko bidea "estatu eredu berri baten proposamenaren eraikuntzarekin batera" egin behar dela diote. Norabide horretan, Itaiarentzat "beharrezkoa" da "prostituzioaren abolizioaren aldeko jarrera indartzea" eta horretarako lan ideologikoa zein mobilizatzailea egitea. Ahalegin horretan ari dira: "Euskal Herrian sexu esplotazioa sustatzen duten etxe ugaritan egon dira sarekadak, eta emakume asko askatu dituzte horietatik. Kasu horiei erantzuten ere ibili gara azken urteotan. Badirudi, ordea, garrantzi txikiko auzia dela, eta isilpean pasatu ohi dira horrelakoak. Esaterako, duela gutxi Donostiako txalet batean hamabi emakume askatu dituzte sexu esplotazio sare batetik, baina inork gutxik jakingo du horren berri". Halakoen aurrean, "kalean erantzutea, salatzea, mobilizatzea eta lan ideologikoa egitea" garrantzitsua dela diote bi hizlariek. "Pixkanaka-pixkanaka eta ditugun zailtasunez jakitun, emakumeok prostituziora jo beharrik ez izateko eskubide material eta sozialak defendatu behar ditugu: atzerritartasun legearen aurka, kalitatezko etxebizitzetarako sarbidearen alde, kalitatezko osasun zerbitzuen alde, estigmaren aurka...", dio Urkolak.
Gaiaz egiten duten hausnarketa sakonagoa partekatuko dute Azpeitian. Hainbat belaunalditako herritarrengana hurbildu nahi dute auzia, eta helburu horrekin solasaldira bertaratzeko deia egin dute Itaiako kideek.