Erretratua

Maite Lazkano: "Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta irrika handiagoa dut tokiak ezagutzeko"

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 28a

Maite Lazkanoren erretratua. (Olatz Alkorta)

Haurra zela, munduko mapa hartu eta toki bakoitzean zer ote zegoen pentsatzen egoten zen Maite Lazkano. Lanbideak urruneko lurralde ugari ezagutzera eraman du. 46 herrialdetan izan da, askotan behin baino gehiagotan. Berea da Erretratua ekaineko Azpeitia Guka aldizkarian.

Haurra zela, Landetako Antzibarrena baserrian bizi zenean, munduko mapari begira egoten zen Maite Lazkano (Azpeitia, 1972). "Txikitatik izan dut mundua ezagutzeko grina, eta munduko mapari begiratzean eta herrialde batean arreta jartzean, 'hor zer ote dago?' pentsatzen nuen. Haurra nintzenetik eduki dut har hori". Landetakoa eta baserrikoa dela dio, nahiz eta gaur egun bizi den etxea Elosiagaren parte den.

Umetako udako oporraldien nolakotasunak mundua ezagutzeko sortu zitzaion gogoan zerikusia izan zuela dio Lazkanok. "Udan, gure etxean, baserrian, beti lana egin behar izaten genuen, eta abuztuan lagunak kanpora oporretara joaten zirenean, ni beti etxean egoten nintzen, beti Azpeitian. Orain, berriz, beti Azpeitian, etxean, egoteko desiratzen egoten naiz". Izan ere, Landetatik mundu zabalera egin du hegan Antzibarrenakoak; dagoeneko, 46 herrialdetan egona da, eta horietako askotan behin baino gehiagotan: Iranen bost aldiz izan da, Jerusalemen eta Egipton lau aldiz, Japonian bi aldiz, Vietnamen hirutan...

Maite Lazkano, Namibian. (Utzitakoa)

Egindako lehen bidaiaz galdetuta, gogoan bi dituela azaldu du: amamarekin Joseba Lazkano osaba jesuita bisitatzera Venezuelara egindakoa eta 16-17 urterekin kuadrillako lagun batekin Alpeetara kanpinean joan zenekoa. "Gure gurasoek ezkonduta 25 urte egin zituztenean, bidaia beraiek egin beharrean, amamari Venezuelara semea bisitatzera joateko bidaia oparitu zioten, eta zeinek egingo harekin bidaia? Bada, etxeko txikiak. Ordurako unibertsitatean Turismoko gradua ikasten ari nintzen". Venezuelako bidaiak "ikaragarri harritu" zuen: "Aireportutik Caracasko osabaren etxera iritsi arteko bidea autoko leihoa irekita eta begiak zabal-zabalik egin nuen, pentsatuz 'nik hau dena nola kontatu behar dut?'. Gaur egun, herrialde batera joan aurretik ia dena dakigu tokiari buruz: zer ikusiko dugun, nolakoa den... Internetek hori guztia eskura jarri digu. Orduan imajinatu egiten genuen, baina informazio askoz gutxiago genuen urrutiko herrialdeez. Harritzeko gaitasun hori galdu dugula uste dut, eta Venezuelak orduan transmititu zidan zirrararen falta sumatzen dut pixka bat".

Jakin-min handikoa da, eta egiten dituen bidaietan "kuriositate hori" asetzen dioten tokiak, pertsonak eta gauzak aurkitzen saiatzen da. Ekialde Hurbileko eta Afrikako herrialdeak estimatzen ditu gehien. "Ekialde Hurbilean, Jerusalem oso hiri interesgarria iruditzen zait; gainontzean, Jordania, Siria, Egipto, Iran... asko gustatzen zaizkit. Afrikan, berriz, Saharaz hegoaldeko herrialdeek erakartzen naute asko: Namibiak, Hegoafrikak, Tanzaniak, Etiopiak...". Herrialde bakoitzaren historia eta kultura ezagutzea asko gustatzen zaio Lazkanori, eta herrialdeei buruz zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta "irrika gehiago" sortzen zaio urruneko lurraldeetara joateko.

Yazden, Iranen. (Utzitakoa)

Literatura, musika, argazkilaritza

Literaturaren eta musikaren oso zalea ere bada. Laneko bidaiak prestatu aurretik eta ondoren, bisitatuko dituen lurraldeen inguruko liburuak irakurtzea atsegin du, eta modu horretan, bidaia literaturako liburuak idatzi dituzten "idazle interesgarriak" ezagutu dituela dio. "Azkena Txinan izan naiz, eta Txinari buruzko lauzpabost liburu irakurri ditut, hara joan aurretik eta handik bueltan". Jung Chang idazle txinatarraren liburuek Txina ulertzeko "asko balio" izan diotela dio Lazkanok. Gainontzean, Asiari buruz jakiteko, Erika Fatlandek idatzitakoa ere irakurri du. "Kris Ubach laguna dut, eta hark orain Napoliri buruzko liburu oso polita egin du. Javier Reverteren ia liburu guztiak ere irakurrita ditut. Gainera, entsegu liburu asko irakurri ditut, eta herrialde batzuk ulertzeko lagungarriak dira". Gaur egun, kazetariek edota idazleek autore bidaiak antolatzen dituztela azaldu du Lazkanok, eta horiek boladan jartzen ari direla azpimarratu du. "Guk orain Xavier Aldekoarekin egin behar dugu bidaia bat; hark gidari lanak egingo ditu, eta nik logistikakoak. Jendeak ez du bidaiatzen paisaia ederrak ikusteko bakarrik, bisitatzera doan herrialdeaz jakiteko gogoa ere izaten du".

Etxean edota lanean musika jarrita izaten du Lazkanok, oso musikazalea baita. "Herrialde batera edota bestera joan, gidariei edota ezagutzen ditudan pertsonei tokiko musikaz edota musikariez galdetzen diet, tokian tokiko musika eta kultura ezagutzea atsegin dudalako. Musikarik gabe ez ditut bidaiak ulertzen", dio.

Jazza bereziki atsegin du. Azkenaldian, Persian Jazzek du harrapatuta: "Asko erlaxatzen nau". Herrialde bakoitzeko musikak xarma berezia du Lazkanoren ustez, baina baditu bat edo beste oso maiteak: "Ali Farka Toure abeslari eta gitarra jotzaile afrikarra asko entzun izan dut, eta Farid Farjad Irango biolin jotzailea ere bai".

Namibiako beste argazki bat. (Utzitakoa)

Soinuarekin bakarrik ez, irudiekin ere asetu du jakin-minaren bere egarria Lazkanok urruneko herrialdeetara egindako bidaietan. Orain gutxira arte argazki kamera lepotik behera zuela bidaiatu izan du. "Argazkilaritza gustuko dut, eta ikastaro bat ere egin nuen. Kamera eraman izan dut bidaietara, baina utzi diot horri. Izan ere, argazki onak ateratzeko denbora hartu behar da, eta laneko bidaietan bezeroei adi egon behar izaten dut. Orain, sakelako telefonoan kamera ona daukat, eta horrekin konformatzen naiz". Munduaren puntarik puntako argazki piloa duela dio, eta denak behar bezala antolatzeko "denbora falta" duela.

Zenbat aldiz entzun behar izan duen gauza bera: "Zuk bai zortea! Beti bidaiatzen ari zara!". Askotan. Bidaia agentea da lanbidez, "oso gustura" egiten du lan hori, eta ez du aukeratu duen bideaz damurik. Urteak aurrera, ordea, etxeko habia "gusturago" hartzen duela dio, etxea, etxekoak eta ingurukoak "asko maite" dituelako. "Mendia asko gustatzen zait, eta libre nagoenean mendira buelta bat ematera joatea ere bai. Askotan esan ohi dut: 'Oinez nabilela zenbat arazori topatu ote diedan irtenbidea!'".

Motzean

Adina: 53 urte.
Ikasketak: Turismoko unibertsitate gradua.
Lanbidea: bidaia agentea.
Bidaia agentea ez banintz... gerra korrespontsala izango nintzela esaten nuen umetan; kazetaritza mundua asko gustatzen zait.
Lanetik ateratzean gogoko dut... konpainia onean ardo bat hartzea asko gustatzen zait, mendi buelta bat egitea...

(Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide