Aurten ez dute San Fermin Txikirik egingo udal udalekuetako umeek

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 6a

Iaz udalekuetako haurrak San Fermin Txiki eguneko korrikaldian. (Mailo Oiarzabal)

Udalekuetako lantaldeak erabaki du aurten sanferminen bueltan Alde Zaharrean egin ohi zuten entzierroa ez egitea. Udalak adierazi duenez ez dio eragozpenik jarri lantalde horrek hartutako erabakiari, eta esan du udalekuetan umeen ongizatea kontuan hartzeko ahalegina egiten dutela.

Gaur, 12:00etan, txupinazoa botata hasi dituzte sanferminak Iruñean, baina aurten udal udalekuetako umeek ez dute egingo hainbat urtez jai horien bueltan Azpeitian ospatu izan duten San Fermin Txiki eguna. Udalak azaldu duenez, udalekuetako lantaldeak hartu du erabakia, eta erakundeak ez dio horri eragozpenik jarri. "Udalekuetako lantaldetik etorritako eskaera izan da aurten ez egitea. Beraiek ibiltzen dira urtez urte umeekin lanean, eta beraiek dakite ondoen udalekuetako ekintza horrek zer balorazio izan duen aurreko urteetan", zehaztu du erakundeak. 

Udalak azalpen gehiago ere eman ditu, eta esan du ekitaldi hori ume batzuei asko gustatzen bazaie ere, kontrako kasuak ere badirela: "Zezenez jantzitako begiraleekin beldurtu egiten dira ume batzuk; entzierro edo jai giroko ekitaldi bat beharrean lasterketa edo kros bezala hartzen dute helduxeagoek; korrikaldi eta jende artean estuasuna pasatzea ere ohikoa da; suziriekin izutzen direnak ere badira...". Ekitaldi hori herritar eta guraso askoren "gogokoa" izanagatik, umeentzat baino herritarrentzako ekitaldia zela argudiatu du, halaber.

Horregatik, udalekuetan umeen ongizatea kontuan hartzeko ahalegina egiten dela eta hezitzaileek programazioa egiten lanketa handia gauzatzen dutela ere esan du. "Udalekuetako lantaldeak egin zuen ekitaldia ez antolatzeko eskaera, eta hori kontuan hartuta, udalarentzat lantalde horren irizpidea da egokiena. Horregatik, udalak ez du aurten San Fermin Txiki eguna ez egiteko eragozpenik jarri".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide