Jone Arriaranek eta German Aranburuk Bidasoako Fandango eta Arin arin Txapelketa irabazi dute

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 2a

German Aranburu eta Jone Arriaran dantzariak, Irungo txapelketako txapelarekin eta oroigarriarekin. (Utzitakoa)

Txapelketaren barruan, nagusien eta gazteen mailetako lehiak jokatu zituzten atzo, asteazkena, Irunen (Gipuzkoa). Hamar bikotek parte hartu zuten nagusien lehian, eta Azpeitiko bikotea izan zen nagusi; gazteen mailan, Irati Aranguren eta Beñat Mendizabal bikote dantzari azpeitiarrek hirugarren postua erdietsi zuten. 

Jone Arriaran eta German Aranburu dantzari azpeitiarrek Bidasoako 34. Fandango eta Arin arin Txapelketa irabazi dute, nagusien mailan. Irunen (Gipuzkoa) izan zen dantza txapelketa atzo, asteazkena, San Martzial jaien egitarauaren barruan.

Orotara, hamar bikotek parte hartu zuten lehian, eta irabazleez gain, tartean izan ziren Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru, Elene Astiazaran eta Oier Arriaran, Ane Lazarobaster eta Laiene Ezama, nahiz Nora Aizpuru eta Iker Zabala Azpeitiko bikote dantzariak ere. Hain zuzen, Aizpuruk eta Zabalak laugarren postua erdietsi zuten txapelketan. Bigarren postua, berriz, Onditz Esnaola litzartzarrarentzat (Gipuzkoa) eta Gorka Granado sopelarrarentzat (Bizkaia) izan zen; aldiz, hirugarren postua, Nora Davila eta Julen Lertxundi Zizurkil (Gipuzkoa) eta Asteasuko (Gipuzkoa) bikotearentzat izan zen. 

Nagusien mailakoaz gain, gazteen mailako lehia ere jokatu zuten atzokoan. Dantzari azpeitiarren artean, Irati Aranguren eta Beñat Mendizabal izan ziren podiumean sartzea lortu zutenak; hirugarren postua erdietsi zuten horiek. Tolosako (Gipuzkoa) eta Zizurkilgo Naroa del Riok eta Aner Lasak irabazi zuten maila horretako lehia, eta bigarren postuan sailkatu ziren June Aguad0 Villabonako (Gipuzkoa) dantzaria eta Ibai Izagirre Segurakoa (Gipuzkoa). 

Luix Beltza dantza eskolatik jakinarazi dutenez, Azpeitiko dantzariak beste txapelketa batean izango dira asteburuan. Zumarragan (Gipuzkoa) arituko dira dantzan oraingoan, hango festen testuinguruan. Orotara, bederatzi bikotek parte hartuko dute han, eta tartean izango dira Azpeitiko bost bikote dantzari ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide