Aritz Muguruza (Azpeitia, 2001) eta Beñat Arratibel (Azpeitia, 2004) futbol jokalariek talde berria izango dute datorren sasoian. Muguruzak Barakaldo taldean jokatuko du aurrerantzean, eta Arratibelek, Arenas taldean. Nolanahi ere, biek maila eta multzo berean jokatuko dute: Espainiako Lehen Federazio Mailaren lehen multzoan.
Biak erdiko atzelariak dira, eta Azpeitiko Lagun Onak futbol taldean hasi zuten beren kirol ibilbidea. Gero, ordea, bakoitzak bere bideari heldu zion. Muguruza Realak fitxatu zuen, eta han jokatu zuen gazte mailara arte, harik eta Eibarrek deitu zion arte. Armaginen bigarren taldean bi urtez aritu zen azpeitiarra, baina 2024-2025 denboraldiaren hasieran Barakaldora (Bizkaia) joan zen utzita.
Aurreko sasoiaren hasieran, berriz, Euskal Herriko mugak zeharkatu zituen Muguruzak, eta Portugalgo Bigarren Mailako Torreense taldeak fitxatu zuen. Nolanahi ere, neguko merkatuan taldez aldatu zen hura, UD Logroñes taldean utzita jokatzeko. Guztira, hamasei neurketa jokatu ditu Logroñoko taldearekin, eta gainera, Espainiako Lehen Federazio Mailara igotzea lortu du. Orain, berriro Euskal Herrira itzuliko da Muguruza, Barakaldon jokatzeko.
Arratibel, bestalde, Getxoko (Bizkaia) Arenas taldean arituko da datorren sasoian. Hark ere Muguruzaren antzerako ibilbidea osatu du; Lagun Onaketik Realera joan zen, eta han gazte mailara arte jokatu, 2023-2024 denboraldian berriro Lagun Onakera itzultzeko. Arratibelek denboraldi bat osatu zuen Garmendipen gizonen lehen taldean; izan ere, iazko sasoiari ekin aurretik Amorebietara (Bizkaia) joan zen, Aitor Zulaika entrenatzaile azpeitiarrarekin batera. Guztira, 25 neurketa jokatu ditu azpeitiarrak Amorebietarekin. Aurrerantzean, Arenasen arituko da Arratibel.