Irati Iglesiasek (Bilbo, 1993) eta Ibai Ieltxu Ricok (Gasteiz, 1980) irailaren 2an hartuko dute Singapurrerako hegazkina, eta biharamunean iritsiko dira Ekialde Urruneko herrialde horretara. Han hasiko dute Joxe Takolo bekak aurtengoan lagundu duen abentura. Eurasia Zetaren Bidea jarraituz zeharkatuta iritsiko dira, "poliki-poliki", Euskal Herrira bizikletan, urtebete inguruan 14.000 bat kilometro atzean utzita. Instagramen jarraitu ahal izango da beren bidaia, @kokorotosbiketrip kontuan.
Prest al zaudete bidaiarako?
Ibai Ieltxu Rico: Materiala lortzen-eta ari gara orain. Baina bidaia prestatzeaz gain, urtebetez utziko dugun hemengo bizitza ere antolatu behar dugu: etxebizitza errentan jarriko dugu, baimenak-eta eskatu behar ditugu... Ez dira lan zailak, baina bai egin beharrekoak. Nahiko lanpetuta gabiltza, baina pozik.
Irati Iglesias: Ingurukoak agurtzen ere ari gara pixkanaka. Egia esanda, ni neu ez naiz inoiz egon hainbeste denbora familia eta lagunak ikusi gabe, eta emozionalki, kontuan hartzeko puntu garrantzitsua da hori.
Nondik sortu zen halako abentura bat egiteko ideia?
I.I.R.: Mendian asko ibiltzen gara, eta nik aspaldi nuen buruan bizikletan halako zeharkaldi luze bat egitea, modu horretara bidaiatzeak eta bizitzeak duen sinpletasunagatik; beti pentsatu izan dut erronka oso interesgarria dela. Orain dela lau bat urte, Irati eta biok hasi ginen bizikletarekin bidaiak egiten: lehenengoa Norvegian izan zen, eta han mendia eta bizikleta bateratu genituen. Gustatu egin zitzaigun bidaiatzeko modu hori, eta gerora ere halako beste batzuk egin ditugu. Gero, aspaldiko ideia harekin aurrera egiteko edo bere horretan uzteko unea iritsi zen, eta erabaki genuen aurrera egitea.
I.I.: Ibairen ideia hori zen, baina nik buruan nuena zen urtebete munduko tokiren batean igarotzea. Izan ere, jendea, mundua zein zeure burua ezagutzeko, aukera ona da halako zerbait egitea.
Beraz, bien grinak uztartu dituzue.
I.I.R.: Inguratzen gaituen hori bizitzean jarri nahi dugu arreta. Izan ere, bidaia hasten dugunean, bizikletan biziko gara, askotan kanpin dendan lo egingo dugu… Sinpletasun horretan ibiliko gara urtebetez, sinpletasun hori gero gure bizitzan ezartzeko asmotan. Dena den, beti esaten dugu Euskal Herrian dugun bizimoduarekin ere oso pozik gaudela; guk egingo duguna ez da izango ihesbide bat.
"Pozik bidaiatu nahi duenak, arin bidaiatu behar du" zita irakur daiteke zuen aurkezpenean. Bat al dator zuen bidaiatzeko moduarekin?
I.I.: Bidaiatzerakoan, askotan pentsatzen dugu ez dugula gauza gehiegirik eramaten, baina azkenean, ez da hala izaten. Bizikletarekin bidaiatzen hasi ginenean, ohartu ginen ezinbesteko gauzekin nahikoa dela, zoriontsu izateko ez dela hainbeste behar. Egia esanda, oraingo bidaia honetara ez goaz oso arin, baina beharrezkoak izango ditugu gauza guztiak.
Kontraste handiko kulturak, herrialdeak eta paisaiak ezagutuko dituzue. Nola egokitzea espero duzue?
I.I.R.: Parez pare izango dugun aniztasunarekiko jarrera irekia dugu. Bidaia osoa lurrez egingo dugu, eta kontinente berean egonagatik, kultura oso desberdinak ikusiko ditugu. Hori badakigu eta horretara irekita gaude. Gainera, halako bidaietan ohartzen zara, kulturak desberdinak izanagatik, pertsona guztiek antzeko ametsak eta sentimenduak dituztela.
Geldotasunari gorazarre egin nahi diozue. Geratu egingo zarete, geratzen ez den mundua bizitzeko?
I.I.: Batetik, bidaiari asko geratzen ez diren lekuetan ibiliko gara seguruenik. Hori polita izango da, herrialdeen beste alderdi batzuk ikusiko ditugulako. Bestetik, gure egunerokotasunetik aterako gara: lanean bizi gara, eta normalean, ohituta gaude beste proiektu batzuetan ere egotera; nik, behintzat, sentitzen dut behar dudala beti zerbaitetan aritzea. Baina bidaia honetan, sinpletasunean jarriko dugu arreta: esnatu, gosaria egin, jendearekin hartu-emanean egon, lasai sentitu, atseden hartu, beharra badugu… Beste erritmo batean bizi nahi dugu.
I.I.R.: Bizikletara ere moldatu beharko gara. Kilometro asko egin behar ditugu, fisikoki zein psikologikoki erronka handia izango da, bidean aurrera egin ahala gero eta indartsuago egon beharko baikara. Beraz, poliki joango gara. Gure asmoa da ahal den guztia bizikletaz egitea, baina ikusten badugu lekuren bat ez dela interesgarria, beste lekuren batera joango gara. Zentzu horretan, gure planteamendua ez da oso purista. Guk ez dugu errekorrik jarriko; egingo duguna aldez aurretik askotan egin izan da. Gure asmoa da esperientzia bizitzea.
Zehaztuta al duzue egunero zenbat kilometro egingo dituzuen ala horretan ere malguak izango zarete?
I.I.: Batez beste, egunean 50 bat kilometro egin beharko ditugu, baina eguraldiak, ibilbideak edota geure egoerak baldintza dezake hori, eta, beraz, unean-unean ikusiko dugu. Litekeena da aste bakar batean kilometro mordoa egitea, eta hurrengoa lasaiago hartzea. Horrez gain, bidaiak negua ere harrapatzen du, eta hori izango da erronkarik handiena. Txina eta Asia erdialdea igaroko ditugu sasoi horretan, eta egoerara moldatu beharko dugu, material bereziak eramanez eta. Izan ere, tenperaturak oso hotzak izan daitezke Txinan eta Pamir mendigunean. Horrek mugatuko gaitu gehien, hainbeste egun jarraian eta halako baldintzetan bizikletarekin eta kanpin dendarekin ibili behar izateak.
Horrek kezkatzen al zaituzte bereziki?
I.I.: Pamirren herriak oso sakabanatuta daude eta ondo planifikatu beharko dugu hangoa. Hori bada kezketako bat. Nire beste kezka familia da. Izan ere, ez dakit hemen geratzen direnek nola pasatuko duten gu kanpoan gaudenean, pentsatzen dut kezkatuta egongo direla. Saiatuko gara harremanetan egoten, baina era berean, deskonektatu nahi dugu, unearekin konektatzeko.