Egurnika proiektuak eta Domusa Teknikek lankidetza hitzarmena sinatu dute

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 3a

Egurnika proiektuaren ordezkariak, ezkerrean, eta Domusa Tenikekoak, eskuinean. (Utzitakoa)

Bi aldeen akordioari esker, besteak beste, beharrezkoak dituzten lan tresnak eta materiala erosi ahal izango dituzte Egurnikakoek. Domusa Tekniki esker ona adierazteko, Gernika obraren zati baten irudia taillatu die Egurnikak. 

Egurnika proiektuak eta Domusa Teknikek lankidetza hitzarmena sinatu dute datozen hiru urteetarako. Akordio honek, besteak beste, beharrezkoak dituzten lan tresnak erosteko, material gehiago lortzeko, eta, azken finean, proiektuari aurrera egiten laguntzeko balioko dio Egurnikari. 

Hain justu, atzo, hilak 2, izenpetu zuten hitzarmena alde biek. Mikel Sanjuan, Miriam Quintana, Erik Jones, Elena Garmendia eta Maria Jesus Larrañaga bildu ziren Egurnikaren ordezkari moduan, eta Jon Makibar, Gurutze Agirre eta Miren Arregi Domusa Tekniketik.

Hitzarmena sinatzeak Egurnika proiektuaren garrantzia balioan jartzen duela adierazi dute Egurnikaren ordezkariek. Halaber, Gernika obraren parte den irudi baten oroigarria taillatu dute Egurnikakoek, eta Domusa Tekniki eman diote, esker ona adierazteko. Proiektuaren lehen zatia osatzeko dituzten egur xaflei moztutako zati batekin osatu dute oroigarria. 

Orain hasi eta hamabi urte barru amaituta izango den proiektua da Egurnika. Tamaina errealean, egurrean eta taillatuta egin nahi dute Pablo Picassoren Gernika obraren errepresentazioa 2037ko apirilerako, Gernikako bonbardaketaren mendeurrenerako. Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegiko tailla eskolakoak dira egitasmoa abiatu dutenak.

Egurnikak Domusa Teknikentzat taillatutako oroigarria. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide