Martirietako Igoera irabazi du Xabat Manzisidorrek

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 4a

Xabat Manzisidor, helmugan. (Andoni Elduaien)

Korrikalari azpeitiarrak Azkoitiko proba irabazi du. Guztira, 3,7 kilometroko ibilbideari egin behar izan diote aurre partaideek. Oier Etxeberria azpeitiarra sailkatu da bigarren Manzisidorren atzetik. Bizikletako proban, bestalde, Oier Ibarguren azpeitiarra bigarrena izan da. 

Xabat Manzisidor korrikalari azpeitiarrak irabazi du gaur, zapatua, Azkoitian jokatu duten XVIII. Jokin Ormaetxea Martirietako Igoera. Alde batetik, korrikako proba jokatu dute, eta bestetik, txirrindulariena. Manzisidorrek korrikako lasterketan parte hartu du, eta hura izan da 50 lagunetan azkarrena. 

Azpeitiarrak 00.16.28 denbora eginda lortu du Azkoitiko Martirieta auzoko plazan txapela janztea. Aitor Mimenzak iaz probako errekorra ezarri zuen, eta hark egindako denboratik urrun izan da Manzisidor –00.15.49 denboran–. Dena den, korrikalari horrek aski izan du denbora hori proba irabazteko. Bigarren postua ere azpeitiar batek eskuratu du: Oier Etxeberriak. Hark 00.16.53 denboran lotu ditu Azkoitiko Txalonerrekako irteera eta Martirietako plazako helmugako lerroak. Hirugarren postua, berriz, Asier Ostolaza Montte azkoitiarrarentzat izan da (00.17.23).

Bizikletako proban, bestalde, Oier Ibarguren protagonista izan da. Azpeitiarra bigarren sailkatu da, Iker Eskibel eskoriatzarrarekin lehia estua izan eta gero. 2024. urtean, Ibargurenek probako errekorra ezarri zuen, 00.11.11 denbora eginda. Gaur denbora hori hobetzea eta lasterketa irabaztea zituen helburu Ibargurenek, baina ez ditu asmo guztiak bete. Duela bi urteko marka hobetzea bai, lortu du, baina ez garaipena eskuratzea. Azpeitiarra Eskibelengandik zortzi segundora sartu da helmugan; Eskibelek 00.10.49 denboran amaitu du proba, eta 00.10.57 denboran Ibargurenek.

Honako lotura honetan daude ikusgai gaur goizean jokatu duten proba horretako argazkiak eta sailkapena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide