Batera Labs egitasmoko postontzia jarri dute plazan

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 5a

Batera Labs egitasmoko postontzia, plazan. (Aldundia)

Postontzi horretan sartu ahal izango dituzte herritarrek energia trantsizioari, mugikortasun jasangarriari edota elikadurari buruzko ekarpenak. Ondoren egingo duten bigarren faserako abiapuntu gisa balioko dute herritarrek egindako ekarpen guztiek. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamenduak ingurumenari lotutako erronkak identifikatzea xede duen Batera Labs izeneko egitasmoa du martxan. Proiektu horren harira, Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako herritarren laborategien sarearekin lankidetzan, Batera Labs egitasmoko postontzia jarri du plazan, udaletxe azpiko arkupetan.

Batera Labs proiektuaren bidez, herritarrek energia trantsizioari, mugikortasun jasangarriari edota elikadurari buruzko ekarpenak egin ahal izango dituzte. Hain justu, plazan jarritako postontzian egin ahal izango dituzte herritarrek beren ekarpenak, baita egitasmoaren webguneko honako lotura honetan ere. Prozesu horretan, herriko erronka espezifikoak identifikatzea eta tokiko irtenbideak elkarrekin zehaztea nahi ditu aldundiak.

Erakunde horrek azaldu du Urola Kostako eskualdeak "klima erronka garrantzitsuak" dituela, bereziki muturreko fenomeno meteorologikoei, trantsizio energetikoari, mugikortasun jasangarriari eta kostaldeko zein barnealdeko ekosistemen babesari lotutakoak. "Itsas mailaren igoerak, kostaldeko higadurak, itsas denboraleek, euri jasa bortitzek, bero boladek, eta ekonomia zein hiri-eredu jasangarriagoetara aurrera egiteko beharrak, erronka garrantzitsuak planteatzen dituzte ingurumen kalitaterako, biodibertsitaterako, itsasoari lotutako jarduera ekonomikoetarako eta herritarren ongizaterako", azaldu du aldundiak.

Parte hartze fasean herritarrek egindako ekarpenak aztertu egingo dituzte zenbait adituk; izan ere, aldundiak azaldu du bigarren faserako abiapuntu gisa balioko dutela horiek guztiek. Hurrengo fasean, lankidetza lana egingo dute, identifikatutako erronkei aurre egiteko proposamenak eta irtenbideak definitzeko. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide