Egin dute gurpildun zezenekin lehen entzierroa

Mailo Oiarzabal

Bihar eta etzi ere egingo dituzte sokamutil ohi talde baten ekimenez aurten udal udalekuetan egin ez duten San Fermin Txikiren ordez umeentzat antolatu dituzten zezen jolasak, gaurkoa bezala, 19:00etan Perez Arregi plazatik abiatuta.

Zuri-gorriz jantzitako hainbat haur eta haien gurasoak eta etxekoak elkartu dira 19:00etarako Perez Arregi plazan, sokamutil ohi talde batek udal udalekuetan aurten San Fermin Txiki ez dutela egingo jakin ondoren antolatu dituen gurpildun zezendun entzierroetako lehendabizikoan parte hartzeko.

Iruñeko entzierroak hasi aurretik egin ohi duten bezala, Erdikale barreneko pareta batean kantatu diote San Fermini, eta lehen suziria lehertzearekin batera, antolatzaileek prestatuta zituzten gurpildun lau zezenen aurretik korrika abiatu dira haurrak Erdikalean gora. Plazara iritsita, gurpildun zezenekin jolasean jarraitu dute han.

Bihar eta etzi berriz egingo dituzte umeei zuzendutako entzierroa eta zezen jolasak, ordu berean eta toki beretik abiatuta.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide