Ibilbide profesionala amaitzea erabaki du Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalariak

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 8a

Aitor Zubizarreta, uztaipean. (Gipuzkoa Basket)

Aurrerantzean, Donostiako Askatuak Gipuzkoa Basket taldeko teknikarien taldeko kidea izango da Zubizarreta, Sergio Garcia eta Yon Gonzalez entrenatzaileekin batera. Azken bost denboraldietan, guztira, 149 partida jokatu ditu jokalari azpeitiarrak talde horretan.

Aitor Zubizarretak (Azpeitia, 1995) saskibaloi jokalari gisa egin duen ibilbide profesionala amaitzea erabaki du. Azpeitiarrari oraindik urtebeteko kontratua gelditzen zitzaion Askatuak Gipuzkoa Basketekin, baina sare sozialetan argitaratu duen agurreko mezuan adierazi duenez, hartu duen erabakia "hausnartua eta pausatua" izan da. Dena den, hark saskibaloiari eta Donostiako Askatuak Gipuzkoa Basket taldeari lotuta jarraituko du aurrerantzean; izan ere, lehen taldearen entrenatzaile taldeko kidea izango da Sergio Garcia eta Yon Gonzalez entrenatzaileekin batera.

2021-2022 denboraldian iritsi zen Zubizarreta Donostiako klubera, eta ordutik 149 partida jokatu ditu han. Zubizarretak aitortu du, ordea, azken denboraldietan "gero eta zailagoa" egiten zitzaiola taldeari laguntzeko "eman beharreko maila fisikoari" eustea. "Beti izan naiz mailarik onena emateko egunez egun prest egotea gustatzen zaion jokalaria, eta hori zeuk nahi duzun moduan egin ezin duzula sentitzen duzunean, garai bati itxiera emateko unea dela pentsatzen hasten zara", azaldu du Zubizarretak. 

Donostiako taldeak ere izan ditu Zubizarretari zuzendutako hitzak, eta azaldu du taldearentzako "funtsezko pieza" izan dela bai kantxan, bai kantxatik kanpo. "Taldeko kapitaina, taldekideentzat erreferentea eta konpromisoaren, jarreraren eta profesionaltasunaren eredu izan da. Urte hauetan, Askatuak Gipuzkoa Basketek ordezkatu nahi dituen balioak bikain islatu ditu. Bihotzez eskertu nahi diogu Aitorri jokalari gisa eman duen guztia: bere konpromisoa, izaera, eredugarritasuna eta armarri hau defendatzeko erakutsi duen modua. Hau ez da agur bat; elkarrekin hasiko dugun etapa berri baten hasiera baizik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide