Urolako trenari keinu egingo dio Udako Musika Printzak zikloak

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 9a

Juanjo Olaizola, Leire Sarasua, Garazi Navas, Ignacio Arakistain eta Maite Lopez las Heras, Burdinbidearen Euskal Museoan. (Ihintza Elustondo)

Bihar hasiko da musika klasikoa herriko hainbat txokotara gerturatzea helburu duen Udako Musika Printzak zikloa. Kontzertu bana izango dira uztailaren 10ean, 16an eta 17an, eta bereizgarri nabarmen bat izango du aurtengo edizioak: Urolako trenaren mendeurrena tarteko, bi emanaldi Burdinbidearen Euskal Museoan izango dira. Azken kontzertua izango da bereziena, ibiltaria. 

Udako gauak musikaz zipriztintzera dator aurten ere Udako Musika Printzak zikloa. Bihar hasita, hiru kontzertu izango dira egitasmo horren barruan, eta antolatzaileek adierazi dutenez, bereizgarri nabarmen bat izango du aurten. Urolako trena martxan jarri zutela 100 urte bete direnez, urteurren horri keinu egin nahi izan diote, eta, hori horrela, Burdinbidearen Euskal Museoan egingo dituzte bi emanaldi. 

Ignacio Arakistain antolatzaileak, Maite Lopez las Heras idazleak, Garazi Navas akordeoilariak, Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak eta Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak eman dituzte aurtengo edizioaren gaineko xehetasunak. Arakistainek gogoratu du 2021ean egin zutela lehen aldiz Udako Musika Printzak, eta urtez urte indarra hartzen eta sendotzen joan dela zikloa, Kulturazen eta udalaren babesarekin. Haren arabera, "musika klasiko" gisa izendatzen den hori herritarrengana hurbiltzea da proiektuaren asmo nagusietako bat, eta horregatik, emanaldiak ohiko aretoetan gauzatu beharrean, herriko hainbat txokotan egin dituzte azken urteotan. Aurten, beste urrats bat egitera ausartu dira, eta Burdinbidearen Euskal Museoa eszenatoki bilakatuko dute. "Aurtengo berezitasuna mendeurrenari aitortza egitea da", nabarmendu du Arakistainek. 

Bihar, uztailak 10, egingo dute zikloaren barruko lehen emanaldia. Zinema mutua ikusteko aukera izango da saioan, Javier Perez de Azpeitiak pianoarekin lagunduta. Hiru film labur ikusi ahal izango dira: Charles Chaplinen Erromesa, Segundo de Chomonen Ilargira txangoa eta egile beraren Etxe sorgindua. Zinema mutua eta zuzeneko musika uztartuko dira emanaldian, eta Arakistainek azaldu duenez, Perez de Azpeitia aditua da zinema mutuari musika jartzen. Burdinbidearen Euskal Museoan egingo dute emanaldia, trenak gordeta dauden eremuan, eta bertaratzen direnek Urolako trena bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, gainera. 21:00etan hasiko da emanaldia, eta doakoa izango da. 

Beste bi kontzertuak datorren astean izango dira. Uztailaren 16an, ostegunez, kontzertu lirikoa egingo dute Olazko ermitan, 21:00etan hasita. Arakistainen arabera, hiru emanaldien artean, hori izango da "klasikoena". Aitor Garitano Bergarako (Gipuzkoa) tenorrak abestuko du zuzenean, Arakistainek berak pianoarekin lagunduta. Euskal musikari tokia egiteko baliatuko dute emanaldia, eta beraz, hainbat euskal konpositoreren piezak interpretatuko dituzte zuzenean. Doakoa izango da emanaldi hori ere. 

Kontzertu ibiltaria, "bereziena"

Uztailaren 17an, ostiralez, egingo dute azken emanaldia, guztietan "bereziena". Urolako trena, mende batez gure bidaide izenburua jarri diote performance itxura hartuko duen kontzertu ibiltariari.Treneko bidaia eta Maite Lopez las Herasen olerkiak nahiz Garazi Navasen musika uztartuko ditu Burdinbidearen Euskal Museoan girotuko duten emanaldiak. Gainera, Urolako trena martxan jarriko dute emanaldi horretarako, eta museoaren zuzendariak azaldu duenez, normalean ez dute gauez hura martxan jartzeko ohiturarik; beraz, zerbait "berria" izango da hori. 

21:00etan jarri dute hitzordua museoan. Ikus-entzuleak han elkartzean, interbentzio bat egingo dute, eta ondoren, denak trenera igoko dira. Lasaora iristean, beste saio bat izango da hango geltokian, eta atzera berriro Azpeitira itzuliko dira kontzertu ibiltarian parte hartuko dutenak. Trenaren barruan ere entzun ahal izango dira musika nahiz olerkiak, beraz, partaideek ibilian-ibilian deskubrituko dute zer itxura hartuko duen emanaldiak. Herriko ondarea eta musika uztartuko ditu, beraz, zuzenekoak. Guztira, 70 bat minutu iraungo du emanaldiak, eta sarrerak Kulturaz.eus atarian eskuratu behar dira. 

Lopez las Herasek azaldu du berarentzat "ohorea" dela halako "proiektu zoro eta eder batean" parte hartzea. "Kontzertu ibiltaria, berritzailea, originala eta dotorea" izango da beraiek eskainiko dutena, "bidaia bat historian eta literaturan". Berak olerki batzuk errezitatuko ditu, eta prosa irakurri ere egingo du. Navasek, bestalde, akordeoiarekin jantziko ditu haren hitzak. "Bagoi batean edo bestean eseri, ezberdina izango da emanaldia; horrek badu bere xarma", esan du Navasek. Hark adierazi du berarentzat "ohorea" dela halako proiektu batean parte hartzea, bera Usansolokoa (Bizkaia) delako eta inguru horretan ez dutelako halako kontzerturik antolatzeko ohiturarik. 

Leire Sarasua zinegotziak, bere aldetik, Udako Musika Printzak "egonkortuta" dagoen musika ziklo bat dela nabarmendu du, herrian ezaguna bilakatu dena eta herritarrak "ezezagunak" dituzten txokoetara eta musikara hurbiltzea lortu duena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide