Klik!

Irudiekin jositako herrigintza

Mailo Oiarzabal 2026ko uztailaren 30a

Bere kasa, beretzat eta besterik gabe hasi zen argazkiak ateratzen Mikel Amenabar. Pixkanaka, boluntario lanera bultzatzen duen senaren bidetik, zaletasunak eta laguntasuna uztartuz, besterentzat eta gero eta serioago ekin zion argazkilaritzari. Mendiko bizikleta, natura zein saskibaloi kantxak aurki daitezke azpeitiarraren irudi bilduman. Horren lagin txiki bat jaso du ekaineko Azpeitia Guka aldizkariak Klik! atalean.

Hasierakoak, opor usainean

"Oporretara edo bidaiaren batera joandakoan, gustatzen zitzaidan argazkiak ateratzea", dio Mikel Amenabar Otola-k (Azpeitia, 1970). Horrela hasi zen, kamera digital konpaktu txiki haiekin, lehendabizi, eta aparteko asmorik gabe. Goiko argazkia da hasieretako erakusgarria, Urederra ibaiaren iturburuan 2008an ateratakoa. Hamar urte geroago, 2018an, argazkilaritzan gehiago sakontzen hasita, Galizian igarotako oporraldian atera zion sarrerako argazkia alabari, padel surf taularen gainean zebilela, Canon reflex batekin.

Natura, han eta hemen

Saskibaloiko argazkietan espezializatu da Amenabar azken urteetan, baina oporretan edo kanpora joandakoan ez ezik, aire zabaleko jardueretan, txangoetan eta, oro har, naturarekin hartu-emanetan ibiltzen da gustura. Goiko argazkia, esaterako, Oñatzen atera zuen, anaia Juan Marik emandako Sony semireflexarekin. "Anaiaren 'erruz' hasi nintzen neu ere argazki munduan hein handi batean", aitortu du. Kamera harekin hasi zen "pixka bat serio" argazkigintzan Amenabar anai argazkilarietan gazteena.

Topaketekin, saskibaloira 

Herriko talde eta ekintza ugaritan boluntario lana egindakoa eta egiten jarraitzen duena da Amenabar, "gustura" ibili izan da horrela batean eta bestean –gehien, Lagun Onak mendi bazkunan–, urteen pisua antzematen hasia dela dioen arren. Laguntza eskatu ziotelako hasi zen Iraurgi saskibaloi klubarentzat argazkiak egiten ere. "Josu Legarda-Ereño etorri zitzaidan, umeen udako topaketetako argazkiak ateratzera joango al nintzen galdezka". 2016an izan zen hori, eta garaitsu hartan erosi zuen bere lehen kamera "ona", Canon reflex bat; eta hari behar bezalako zukua ateratzeko, argazki elkartekoen ikastaroan eman zuen izena, Iñaki Etxenagusiaren eskolak hartzeko. Umeenak ateratzen hasi eta gutxira jaso zuen Iraurgiren talde nagusien partidetan ere argazkiak ateratzeko enkargua, Jose Luis Zubizarreta Xubi-ren eskutik.

"Partida denetara ez nauk joango..."

Ahal zuenetan joateko hitza emanda baina denboraldi osoak betetzea agindu gabe eman zion baiezkoa Xubiri. Eta, partida denetara ez, baina ia guztietara bai, joan da azken urteetan Amenabar, ISBren gizonen zein emakumeen talde nagusien jarraipena egitera. Beraz, ia asteburuero tokatzen zaio Azpeitikora ez bada, Azkoitiko kiroldegira joatea; batzuetan, asteburu berean birritan.

Etxeko kamerarekin irudi txukunik ez zuela lortuko konturatuta, klubaren Nikonarekin ari da ia hasieratik. "Uztai azpian" gustatzen zaio argazkiak egitea, Ierai Aizpitarteren eta Jone Azkueren goiko horiek bezalakoak.

Mendiko bizikletan, gainean edo bide ertzean

Mendiko bizikleta da, ordea, Amenabarri egiteko gehien gustatzen zaion kirola. Jarduera horren bidez iritsi zen Lagun Onak mendi bazkunara; eta, gaur egun, YK Riders taldekoen enduro irteeretan jarraitzen du, argazkiak egiten. Goikoa, hain zuzen, YK Ridersen lehen enduro irteeran atera zuen, 2024ko urriaren 12an, Sañoatik beherako pistan.

Mendia, bizikletarik gabe ere bai

Bizikletarekin gehiago, baina bi gurpilen gainean edo bueltan izan gabe ere, mendia gustuko du Amenabarrek. Etxe gertuko zein urrutiko mendi kateetan atera izan ditu argazkiak. Goiko hori 2009ko apirilean egin zuen, Pirinioetan, "Aste Santuko oporretan", Luz Saint Sauveur inguruan, "Sony DCRarekin". •

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide