Eduki babestua

Intxausti harategiak uztailaren 30ean itxiko ditu ateak, 34 urteko ibilbidearen ostean

Erredakzioa 2026ko uztailaren 27a

Hiru hamarkada baino gehiagoz herritarrei zerbitzua eman ondoren, harategiko arduradunek esker hitzak izan dituzte urte hauetan guztietan alboan izan dituzten bezeroentzat.

Duela 34 urte ireki zituen Intxausti harategiak ateak Sanjuandegi auzoan, ilusioz eta auzokideei zerbitzurik onena eskaintzeko asmoz. Hiru hamarkada pasatxoko bidea eginda, datorren uztailaren 30ean amaiera emango diote etapa zoragarri horri. Harategiko arduradunek bihotzez eskertu nahi diete bezeroei urte hauetan guztietan emandako "konfiantza, maitasuna eta gertutasuna".

Haien esanetan, bezeroak baino gehiago izan dira; izan ere, "auzoko familia handi baten parte" sentitu dira haien ondoan. "Eguneroko jardunari zentzua eman diote, eta elkarrekin bizitako oroitzapenak betirako gordeko ditugu". Intxaustiko kideek eskerrik beroenak helarazi dizkiete bidelagun izan diren herritar guztiei, harategiaren historia beraiekin batera idatzi izanagatik.

Ibilbide luze bezain ederrari amaiera emateko, herritar batek idatzitako honako bertso hauek erabili nahi dituzte Intxaustikoek:

Atzo aspaldi hasi zenuten
Bidanin zuen bidia
zoritxarrak, taka, eten du
gidatzen zuen argia
lagunen lagun, adarjotzaile
benetan mutil alaia
zure irrifarraren falta
guretzako gehiegia
beti gurekin izango zara
ondoan gorde tokia.
 
Zure hutsune bete eziña
suertatzen zaigu nabari
zure faltan ez dakigu
aurre egiten bizitzari
bukaera ematen diogu
jende aurreko lanari
eskerrikasko denagatikan
bihotz bihotzez denori.

     

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide