Xabier Iturraldek Iruñeko San Fermin jaietako Uztaidun Errekortarien Txapelketa irabazi zuen herenegun, Mario Gonzalez zaragozarra bikote zuela. Punta-puntako errekortarien saioa izan zen Nafarroako hiriburuko zezen plazan bederatzi bikotek eskaini zutena, eta azpeitiarrak gorengo mailan dagoela erakusteko baliatu zuen erakustaldia.
Lehen aldiz aritu ziren Iturralde eta Gonzalez elkarrekin lehian, eta emaitza ezin hobea lortu zuten; jaun eta jabe izan ziren plazan. Dena den, Martinezentzat ez zen San Ferminetako hitzorduan lortutako lehen garaipena izan; izan ere, seitan lortu du hark Iruñeko uztaidun errekortarien txapelketa irabaztea.
Eulogio Mateo ganadutegiko zezenen aurrean jardun zuen bikoteak igandean, eta lehen txandan bederatzi uztai sartu zituzten Emilia zezenaren adarretan. Halakorik ez zuen sekula inork lortu San Ferminetako hitzorduan. Finalerako txartela lortu zuten Iturraldek eta Gonzalezek, eta finalean ganadutegi bereko Pericola zezenari lau uztai sartu zizkioten adarretan.
Uztai horiek aski izan zitzaizkien garaipena lortzeko; Iturralderentzat eta Gonzalezentzat izan ziren aurtengo txapelketako oroigarriak. Bigarren, berriz, Edgar Teixeira eta Rafa Moralo izan ziren, eta hirugarren, Ioritz Goñi eta Fran Martinez.
Azpeitian ere ariko dira
Iturraldek Unai Arellano bikote zuela hasi zuen aurtengo denboraldia, baina gorengo mailan debuta egin eta gutxira min hartu zuen Arellanok. Horregatik aritu zen Iturralde Gonzalezekin sanferminetako hitzorduan.
Ikusteko dago Azpeitiko bikoteak noiz parte hartu duen atzera lehiaren batean, baina Azpeitiko Santio Eguneko –uztailaren 25a– hitzorduan izango dira biak ala biak; errekortarien txapelketa ez ezik, uztaidun errekortarien ikuskizuna izango da egun horretan, eta han izango dira bi azpeitiarrak.
Biharamunean, hilaren 26an, Riclako (Espainia) txapelketan parte hartuko du Iturraldek, Gonzalez bikote hartuta.