Azpeitiko Gaztetxeak 21. urteurrena ospatuko du datozen egunetan. Bihartik larunbatera bitartean, ekintza ugari izango dira, eta horien artean, Gaztetxeko Futbito Txapelketaren finalak izango dira. Atzo, asteartez, jokatu zituzten lehia horren finalerdiak, eta, beraz, erabaki da zein taldek jokatuko dituzten ostiraleko finalak. Ligako finala Sarraski eta Mentxe Senperue taldeek jokatuko dute, eta kopakoa, berriz, Pintxo United eta Beti Gazte taldeek. Ostiralean, 20:00etatik aurrera izango dira finalak, plazan, eta parrilladaz gozatzeko aukera ere izango da hitzorduan.
Dena den, biharko ere antolatu dituzte zenbait ekintza: 10:00etan, auzolana egingo dute Gaztetxean, eta 17:00etan, pala eta ludus txapelketak jokatuko dituzte Frontoi Txikian. Parte hartu nahi dutenek Haginpen eman dezakete izena, edota egunean bertan ere izango da horretarako aukera, 16:00etan, Frontoi Txikian.
Aurrez beroketa ariketak egingo dituzten arren, larunbata izango da Gaztetxearen urteurrena ospatzeko egun handia. Ohikoa den moduan, baltsa jaitsiera izango da eguerdi partean, bazkaria egingo dute eguerdian, jolasak izango dira arratsaldean, eta kontzertuekin borobilduko dute eguna.
Gaztetxearen 21. urtemugako egitaraua:
Uztailak 16, osteguna
- 10:00. Auzolana, Gaztetxean.
- 17:00. Pala eta ludus txapelketak, Frontoi Txikian.
Uztailak 17, ostirala
- 20:00. Futbitoko kopako eta ligako finalak eta parrillada, plazan.
Uztailak 18, larunbata
- 11:00. Baltsa erakustaldia eta hamaiketakoa, plazan.
- 12:00. Baltsa jaitsieren hasiera.
- 14:30. Bazkaria, Gaztetxean.
- Ondoren, sari banaketa.
- 17:30. Sangria, DJ emanaldia eta jolasak, plazan.
- 20:00. Gaztetxearen irekiera.
- 20:30. Kontzertuak: Lepue Zapaldu eta Jipoituak.