Joan den ekainaren 26an zabaldu zuten Izarraizko Atea parkeko ur txorroen eremu berria, baina behin behinean. Izan ere, jolas elementu berrietako batzuk jartzea falta zen oraindik han –ur pistolak eta abar–. Udalak jakinarazi duenez, baina, dagoeneko jarri dituzte instalazio berriko jolas guztiak; ondorioz, lehendik zeuden txorroekin eta eremu berrikoekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Eremu berriarekin, umeek jolaserako espazio atsegin eta freskoa izango dutela adierazi du udalak. Egunero, 09:00etatik 21:00etara bertaratzeko aukera dute herritarrek, ordu tarte horretan izaten baitira sakagailu sistemaren bidez martxan jartzen diren txorroak.