Zergatik erabaki zenuen norabidea aldatu eta inbertsio aholkularitzara bideratutako gune bat zabaltzea?
Banku komertzialek hartu duten norabidearekin ez nuela bat egiten ohartu nintzen, eta iruditzen zitzaidan beste bide bat lantzeko zerbitzuak falta zirela. Uste dut nik badaukadala gaitasuna horrelako zerbitzu bat eskaintzeko. Pertsona batek bizitzan izaten dituen beharrak ezberdinak dira, eta behar horiek kontuan izanda, pertsona horrek dituen helburuak lortzeko erremintak sortzen ditugu, inbertsioei lotuta.
Betiko banku komertzialekin ez duzula bat egiten aipatu duzu. Zertan ezberdintzen da orain egiten ari zarena?
Batetik, zerbitzuan; zerbitzu pertsonalizatuagoa ematen dugu. Eta, bestetik, guk ez dugu produktua saltzen, zerbitzua baizik. Aldaketa honako hau da, batez ere: pertsona bakoitzak dauzkan helburuak edo beharrak zein diren ondo aztertzen dugu, eta behar horien arabera, pertsona bakoitzarentzako inbertsio erreminta bat sortzen dugu. Azkenean, pertsona guztiek ez dituzte behar berak, arazo berak… Garrantzitsuena da bakoitzak zer behar dauzkan identifikatzea, eta behar horien arabera, produktu ezberdinak aholkatzea.
Uste duzu jendeak behar izaten duela aholkularitza bizitzan zehar dauzkan beharrei aurre egiteko?
Bai. Izan ere, gaur egun informazio asko dago sare sozialetan, eta ematen du oso erraza dela dirua egitea; halako mezuekin bonbardatzen gaituzte. Mundu azkar batean bizi gara, eta berehala nahi ditugu emaitzak. Guk ez dugu jende aberatsa sortzen; gu saiatzen gara norberak daukan diru hori optimizatzen eta helburuak ahalik eta modu egokienean lortzen laguntzen.
Informazio okerra dago, beraz, sareetan, eta zuk jendea ondo bideratu nahi duzu.
Hori da, norabide zuzena zein den erakutsi nahi diot jendeari. Kontua ez da entzundakoa kontuan izanda inbertitzea, baizik eta planifikazio bat egitea; norbere beharrak aztertuta, ibilbide bat markatzea. Pazientziarekin eta konstantziarekin, ahalik eta emaitza onenak lortzen laguntzea nahi dut.
Merkatuaren gorabeherak kontuan izatea ere garrantzitsua izango da…
Bai. Merkatua gauza bizi bat da, gora eta behera egiten duena, eta aukera desberdinak sortzen dira. Aukera desberdin horiek aprobetxatzen saiatzen gara. Gure zerbitzua horretan nabarmentzen da: bezeroaren gainean egoten gara. Aukera garbi bat ikusten baldin badugu, harekin elkartzen gara. Era berean, merkatuan jaitsiera handia baldin badago, bezero denei deitzen diegu, zer gertatzen ari den azaltzeko eta aukeraren bat ba al dagoen ikusteko.
Produktua eta zerbitzua bereizi egin dituzu. Produktua aipatzean, zertaz ari zara?
Inbertsio funtsak, akzioak… mila aukera daude. Guk batez ere inbertsio funtsekin lan egiten dugu. Munduko enpresa onenetan inbertitzen dugu, eta saiatzen gara ahalik eta handiena izan dadin dibertsifikazioa, dirua ondo banatuta egoteko eta arriskua saihesteko. Horrek lasaitasuna ematen du.
“Garrantzitsua da planifikazio bat egitea; norbere beharrak aztertuta, ibilbide bat markatzea”
Nork jo dezake zugana?
Denetariko jendeari laguntzen diot. Ez dut gutxieneko kapitalik eskatzen, eta beraz, egoera ezberdinetan aurkitzen diren herritarrek jo dezake zerbitzu honetara. Adibidez, oraintxe lanean hasi diren gazteek badute aurrezteko gaitasuna, eta horiei aholkuak ematen dizkiet. Horrez gain, gazteen beste helburu bat izan daiteke etxebizitza bat erosteko aurreztea. Horretarako aukera ezberdinak daude, eta horiek azaltzen dizkiet. Hipotekak ematea ez da gure zerbitzuaren indargunea, baina egoera horretan dagoen jendeari aholkularitza eskaintzen diot. Jubilaziora begira dagoenari ere laguntzen diot… Bizitzaren zikloko edozein unetan dagoenari laguntzen saiatzen naiz.
Ez dago milioiak aurreztuta izan beharrik zugana jotzeko, beraz.
Ez, hori da. Norberak eginda daukan planifikazioa ondo eginda al daukan begiratzeko ere jo dezake nigana. Gure bizitzako parte handi bat lanari eskaintzen diogu, eta garrantzitsua da aurrezten ari garen kapital horrek edo inbertitzen ari garen produktu horiek zentzurik ba al duten ikustea. Inflazioa hor dago, eta beraz, inbertitu beharra dago. Ikusi da inflazioaren aurrean inbertitzea dela errentagarriena, epe luzera begira, betiere. Egun batetik besterako planteamendu drastikoak ez ditugu egiten.
Jende askok inbertitzen al du inbertsio funtsetan?
Bai. Baina gauza aldrebes asko dago, era berean. Informazio asko iristen zaigu, eta askotan, jendeak profesional bati baino kasu gehiago egiten dio youtuber bati. Hori gertatzen da bankuekin desengainu handia egon delako. Banku komertzialekiko pertzepzioa oso kutsatuta dago.