Hantxe bertan

Andoni Alonso: "Bizikleten kultura eta aisialdi eskaintza eramango nituzke Bartzelonatik herrira"

Maialen Etxaniz 2026ko abuztuaren 23a

Andoni Alonso. (Utzitakoa)

Urte dezente daramatza Bartzelonan bizitzen Andoni Alonsok (Azpeitia, 1997). Bideojokoen programatzailea da lanbidez, eta gustuko du egitekoa. Dena den, noizbehinka faltan sumatzen du herria. Uztaileko Azpeitia Guka aldizkariko Hantxe bertan ataleko elkarrizketa da hau.

Noiz eta nolatan joan zinen Bartzelonara?

Bartzelonara etorri aurretik Alemanian egon nintzen bizitzen. Ikasketak amaitutakoan, baziren kanpora joateko gogoz zeuden gelakideak, eta bueltan-bueltan niri ere grina piztu zitzaidan. Amak animatu ninduen, eta horrela joan nintzen atzerrira bizitzera. Alemanian bizpahiru urte egin nituen, eta nekatuta nenbilen. Etxea zertxobait gertuago edukitzea nahi nuen, eta lantokian komentatu nuen. Haiek bideratu ninduten Bartzelonara.   

Gaur egun, errepikatuko al zenuke erabakia?

Bai, ez nuke aldatuko. 

Nolakoak dira zure bizitza eta egunerokoa Bartzelonan?

Bideojokoen programatzailea naiz, arlo horretan egiten dut lana. Eguneroko nahikoa arrunta daukat, baina kostaldea bertan dudanez, urpekaritza praktikatzeko aprobetxatzen dut. Gainerakoan, hizkuntzak ikastea gustatzen zait, eta orain, adibidez, japoniera ikasten ari naiz.

Gustukoa al da egiten duzun lana? Zergatik?

Bai, asko gustatzen zait. Txikitatik atsegin izan ditut bideojokoak, oraindik ere gustatzen zaizkit, eta arlo horretan lan egitea aukera ona da niretzat. Lanean giro ona daukagu, antzeko zaletasunak ditugu, eta, oro har, lantalde gaztea da. Lagunak egiteko aukera ona izan da lana niretzat. 

Zer da hiritik gehien atsegin duzuna? Eta zer gutxien?

Nabarmenduko nukeen gauzen artean, hirian bizikletan ibiltzeko egokitutako azpiegitura edo sistema guztia da. Hiria handia denez, zaila da alde batetik bestera oinez ibiltzea, eta beraz, distantzia ertainetarako oso baliagarria da bizikleta. Ni, behintzat, ahal dudan guztietan bizikletan ibiltzen naiz. Gainera, aisialdirako aukera ugari daude: zinema areto ugari, kultura askotako jatetxeak, hizkuntza eskolak... Gutxien atsegin ditudanak beroa eta jendetza dira. 

Zer moduz moldatzen zara katalanarekin?

Lantokian eta handik kanpo asko entzuten da katalana; beraz, adi ibiltzen naiz, eta gehienetan harrapatzen dut esan nahi dutena. Ulertu, ulertzen dut, baina oraindik hizketan ez naiz moldatzen. Eskolak jaso izan ditut, baina uneotan hori baztertuta daukat pixka bat. Prozesuarekin pozik nagoen arren, gustatuko litzaidake hobeto moldatzea.

Zer ekarriko zenuke Bartzelonatik Azpeitira?

Autoan gutxiago ibiltzeko ohitura ekarriko nuke. Bartzelonan jendeak behar duelako erabiltzen du autoa, baina Azpeitian badago edonora kotxez joateko ohitura txarra. Horrez gain, zinema eskaintza ere eramango nuke Azpeitira. Finean, bizikleten bueltako kultura eta aisialdi eskaintza eramango nituzke herrira. 

Eta zer eramango zenuke Azpeititik Bartzelonara?

Eguraldia, lagunak eta poteoko kultura eta giroa. Hemen badaude tabernak, baina ez dira horrenbeste poteorako, gehiago izaten dira festarako. Diskotekak nahi beste daude, baina falta dira kaleko giroko tabernak. Hemen ez dago tabernatik tabernara mugitzen ibiltzeko ohiturarik, tabernek ere ez dutelako esentzia hori.

Zer da herritik gehien sumatzen duzuna faltan?

Etxekoen falta sumatzen dut gehiena, bai, baita lagunekin egotea eta ateratzea ere.

Noizbait itzuliko al zara Azpeitira bizitzera? 

Ez dut aukera baztertzen, baina zaila ikusten dut, batez ere, lan egiten dudan sektoreagatik. Gustatuko litzaidake, baina sektorean lan egiteko hiriburuetara jo beharko nuke, Bilbora edo Gasteizera, eta hori ere ez da Azpeitian egotearen parekoa. Beraz, epe motzera behintzat, ez dut posible ikusten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide