Judith Sagardogi: "Ahal dudan guztietan ateratzen naiz inguruko rally klasikoetan"

Maialen Etxaniz 2026ko uztailaren 17a

Judith Sagardogiren autoa. (Utzitakoa)

Maykel del Cid zenaren omenezko Azpeitia Hiria rallya jokatuko dute bihar. Bertan ariko da Sagardogi, auto bereziarekin, gainera. Lana tarteko, nahi baino gutxiagotan aritzen da gidari.

Autozale amorratua da Judith Sagardogi (Azpeitia, 2000) txikitatik. Aitaren eta osabaren zaletasuna barneratu zuen, eta gaur egun afizioan oinarritutako ofizioa dauka. Nazioarteko sona handiko lasterketetan dabil lanean mekanikari, 3 Formula kategoriakoetan, esaterako. Lanbideak justuko denbora uzten dio, baina asteburuan auto klasikoen Azpeitiko rallyan ariko da.

Maykel del Ciden omenezkoan ariko zara. Zer dela-eta parte hartuko duzu? 

Hiruzpalau rally klasikotan parte hartu dugu orain arte, eta asko gustatu zaigu zer eratan egiten diren. Izan ere, ez da ohiko lasterketa bat, ez da nor azkarrago ibili. Erregulartasunak du garrantzia, antolatzaileek jarritako denborak eta abiadura errespetatuta. Asko gustatzen zaizkit. Osabak auto klasikoak ditu, eta haiek martxan jartzeko eta aprobetxatzeko, horrelakoetan parte hartzea ederra da. 

Ez da parte hartzen duzun aurreneko aldia, ezta?

Ez, hori da. Maykel del Ciden omenezkoan aterako garen bigarren aldia izango da. Esperientzia polita izan genuen azkenekoan, eta horregatik errepikatuko dugu. 

Nor izango duzu bikote? 

Oraingoan, aita izango dut alboan, baina iaz ahizpa ere animatu zitzaigun, eta hiru joan ginen kotxean. 

Mitsubishi Lancer Evolution VI batekin ariko zarete. Zer bereizgarri ditu?

Ohi baino zailagoa da gidatzeko. Izan ere, garai batean rallyetarako erabiltzen zen, eta zaila da abiadura erregular mantentzea. Gainera, bolantea eskuin aldean dauka, eta horrek ezinbestean eskatzen du ondoan baten bat egotea. Norbait aurreratu nahi izanez gero zein edozein maniobra egiteko, laguntza behar da.

Kanpoan zabiltza lanean. Nola egin duzu rallyra etortzeko?

Bartzelonan ari naiz lanean uneotan, konpetizioko kotxeekin. Egia esan, zaila egiten zait asteburuetan etxera itzultzea. Kasualitatez, eta zortez, asteburu honetan jai dut, eta horregatik parte hartu ahalko dut Azpeitia Hiria rallyan. Proba datorren asteburuan balitz ezingo nukeen joan, Italian igaroko baitut aste osoa lanean. Ahal dudan guztietan parte hartzen dut inguruotako klasikoen rallyetan, baina azken unera arte ez dut izena ematerik edukitzen, zaila egiten baitzait agendan lekutxoa egitea. 

Ba al duzu beste probaren batean parte hartzeko asmorik?

Iaz Udazkeneko Rally Klasikoan parte hartu genuen, eta elurra egin zuenez, izugarrizko paisaiak ikusi genituen. Hori egiteko ideiarekin gabiltza aurten ere. Libre baldin banago, asko gustatzen zait inguruotako edozein rally klasikotan parte hartzea.

Lehen auto barruan ikusten zintugun; atzeko lanetan, gero. Berriro ikusiko al zaitugu lasterketetan?

Asko gustatzen zaizkit lasterketak, baina mundu oso garestia da. Betitik gustatu izan zait edozein kotxe edo kart txofertzea, eta egia esan, ez dut uste gaizki moldatzen naizenik, baina eragina duten faktoreak dira dirua eta denbora; izan ere, ez daukat egiten dudanaz apartekorik egiteko denborarik eta baliabiderik. Egia esan, osabak auto klasikoak edukitzeak aukera eskaintzen dit eta oso gustura aritzen naiz horietan. Beraz, gidari aritzeko dauzkadan aukera guztiak aprobetxatzen saiatzen naiz. Mekanikaria naiz, baina ikaragarri gustatzen zait txofer aritzea. Gainera, osaba rallyetan aritutakoa denez, hari ere ilusio berezia egiten dio nik haren autoa gidatzeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide