120 pertsona lagundu ditu aurreko urtean Azpeitiko Caritasek

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 20a

Motxila bat ohe baten ondoan.

2025eko datuen berri eman du Azpeitiko Caritasek, eta azaldu du Azpeitira etorri berriak direnen "arazo larriena" etxebizitza dela. Iazko datu ekonomiak ere eman ditu elkarteak: irteerak sarreren ia bikoitza izan dira.

Azpeitiko Caritasek iazko datuak ezagutarazi ditu. Azaldu du iaz 60 familia inguruk jo zutela laguntza eske elkartera, eta 120 bat pertsona lagundu zituztela. Azpeitiko Caritasera jo zuten familia gehienak herrira iritsi berriak izan ziren, baita bakarrik etorritako mutil gazteak ere. Jatorriari erreparatuta, lagundutako gehienak "marokoarrak edota hego amerikarrak" izan ziren.

Azpeitiko Caritasera jo zuten herritar gehienen "arazo larriena" etxebizitza zela azaldu du erakundeak. "Horrenbestez, Caritasetik emandako laguntzen %65 inguru alokairura bideratu da", nabarmendu du Caritasek. Horrez gain, oinarrizko beharretara ere bideratu dute laguntza, hala nola elikagaietara, botiketara, garraiora edota formakuntzara.

Iazko datu ekonomikoen berri ere eman du Caritasek, eta azaldu du iaz izandako irteerak sarrerak baino handiago izan direla, ia bikoiztuz: Azpeitiko Caritasek iaz 40.450 euroko diru irteerak izan zituen, eta sarrerak, aldiz, 25.604 eurokoak.

Azken urteetan izan duten laguntza eskaera kopurua kontuan hartuta, laguntza eskatzen duten pertsona kopurua ez dela handitu, baina orain, Azpeitira "egoera larriagoan" dagoen jendea iristen dela zehaztu du. "Badirudi aurrerantzean ere horrela izaten jarraituko duela", nabarmendu dute.

Azpeitiko Caritasen jarduna "boluntarioen, elkarteen eta herritarren laguntzarik gabe" ezinezkoa izango litzatekeela esan dute, eta guztiak eskertu ditu elkarteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide