36ko gerrako gudariak goraipatu dituzte Loiolan, Eusko Gudarostearen sorreraren 90. urteurrenean

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 21a

EAJk egindako deiari erantzunez, 30en bat lagun batu dira Loiolan, duela 90 urte Eusko Gudarostea sortzeko aurreneko urratsak egin zituzten toki berean. "Euskadiren eta ikurrinaren defentsan bizitza eman zuten gazte abertzale eta demokrata haiek" izan dituzte gogoan, haiek ez balira, gaurkorik ez legokeelako. 

Iraia Bereziartua biolin jotzailearen doinuetara Eusko gudariak abestuz hasi zuten atzo arratsaldean Loiolan Eusko Gudarostearen sorreraren 90. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldia. EAJk jarritako hitzorduak 30en bat lagun batu zituen Kandido Sasetaren omenez eta Eusko Gudarostearen sorrera gogoratuz Loiolan dauden bi oroigarrien eta ikurrinaren bueltan. Izan ere, duela 90 urte, hantxe, Loiolan, sortu zuten Bigarren Errepublikako sistema demokratikoaren kontra Espainiako armadaren talde batek hasitako altxamendu militarrari aurre egiteko Eusko Gudarostea.

Pello Elorza Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidentea izan zen atzoko ekitaldian hitza hartzen aurrena, duela 90 urte gertatutakoak berritzeko. Euzkadi Buru Batzarrak urte hartako uztailaren 19an Euzkadi egunkarian argitaratu zuen adierazpena irakurriz hasi zen Elorza, EAJk auzi hartan aurreneko unetik izan zuen errepublikaren aldeko erabateko jarreraren erakusgarri. Ildo beretik, gogora ekarri zuen atzo 90 urte Azpeitiko Udalak nola egin zuen ezohiko bilkura bat altxamenduaren gaia aztertzeko, eta haren kontrako jarrera adierazteko, eta uztailaren 23an, beste ezohiko bilkura bat egin eta gero, erakundeak nola jakinarazi zion gobernadore zibilari altxamenduaren kontrako eta errepublikaren aldeko jarrera. Hain zuzen ere, egun hartan herriko alkate zen Jose Antonio Oiartzabalek kargua utzi zuen gaixotasunagatik, eta haren bigarrenak, Xiriako Agirrek, hartu zuen kargua; hura izan zen herriko alkatea gerrak iraun zuen bitartean.

Egun haietako gorabeherak kontatuz jarraitu zuen Elorzak. Azaldu zuen, altxamendu militarrari aurre egiteko, alderdi politikoetako ordezkariek defentsa batzordeak sortu zituztela herrietan, eta herritar askok eta askok bere burua aurkeztu zutela armak hartu eta herriaren defentsan borroka egiteko, horretarako jarritako zerrendetan izena emanda. "EAJk, berriz, giro nahasi hartan orden pixka bat jartzeko, herriaren zaindari lanak bere gain hartu zituen, Gerrarako prest ziren herritarrei abuztuaren hasieran Loiolara joateko deia egin zien alderdiak. "Horrela, abuztuaren 8an, hemen, Loiolan, sortu zuten gero Eusko Gudarostea izango zena; lehenengo urratsak hemen egin ziren".

Besteak beste, EAJren, ELA sindikatua izango zenaren, Euzko Nekazarien Bazkunaren, Gipuzkoako Mendigoizale Batzaren ordezkariak eta garai hartan Madrilen diputatu ziren kide batzuk bildu ziren Loiolan, euskal milizien sorrera hartan. "Hiru komandantzi militar sortu zituzten militarrei aurre egiteko, eta gudari haiei esker, gogor eutsi zietelako, Jose Antonio Agirrek bere aginpidea hartu ahal izan zuen Gernikan, Eusko Jaurlaritzari sorrera emanez. Duela 90 urteko kontuak urruti ikusten ditugu, baina haien ondorengoak gara gu, eta haiei esker gaude gu, katea ez da eten; eta izan zirelako garen bezala, garelako izango dira", adierazi zuen Elorzak.

"Faxismoen kontra, beti"

Jarraian, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak presidenteak hartu zuen hitza, "egia oinarri duen memoriaren beharra" aldarrikatzeko. Historia bat nahierara berridazten dutenen aurrean, "historiaren egia" defendatu zuen, "manipulazio gehigarririk gabe". Testuinguru horretan, gogorarazi zuen Eusko Gudarostea, Eusko Alderdi Jeltzalearen zuzendaritzapean, "Espainiatik zetozen gerrari eta faxismoari aurre egiteko, Euskadi, gure askatasunak, gure herri izaera, gure hizkuntza eta demokrazia defendatzeko" eratu zutela.

Elorzak bezala, Arrizabalagak ere Euzkadi Buru Batzarrak uztailaren 19 hartan kaleratutako adierazpena irakurri zuen, garbi uzteko alderdiak lehen unetik oso garbi izan zuela auzi hartan hartu beharreko jarrera. "Espainiako Estatuan gertatzen diren eta Euzkadin eta bere patuetan hain eragin zuzen eta mingarria izan dezaketen gertaeren aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak adierazten du –gaur egun solemnitatez berresten duen ideologiak behartzen duen guztia salbatuz–, herritarren eta faxismoaren, errepublikaren eta monarkiaren arteko borroka planteatuta, bere printzipioek ezinbestean eramaten dutela herritartasunaren eta errepublikaren aldera erortzera, bere askatasun mendeetan gure herriarena izan zen erregimen demokrata eta errepublikanoarekin bat etorriz".

Arrizabalagak nabarmendu zuenez, EAJk erabaki hori hartu zuen "Euskal Herriaren interesen aldeko bandoa aukeratu zuelako". Eta abagunea baliatu zuen azpimarratzeko EAJ beti egon dela mota guztietako faxismoen eta totalitarismoen aurka. "Frankisten faxismoaren aurka izan ginen, baita ETAren totalitarismoaren aurka ere; eta orain Putinen, Trumpen, Netanyahuren eta beste edozeinen erregimen autoritarioen aurka egoten jarraitzen dugu".

Hain zuen, Eusko Gudarostea horrexegatik sortu zutela adierazi zuen. "Horrexegatik milaka gaztek eman zuten izena gure batzokietan, euren bizitzaren onenean frontera joateko prest; benetako gudariak, gazte abertzaleak eta demokratak ziren, eta dena eman zuten, baita euren bizitza ere, Euskadi eta ikurrinaren defentsan".

Eusko Gudarostearen sorrera gogorarazten duen oroigarrian lore eskaintza eginda eta Gora eta gora Euskadi ereserkia biolin doinuz lagunduta abestu ostean, mokadutxo batekin bukatu zuten atzoko ekitaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide