20 urtez azpiko atletismoko aire zabaleko Espainiako Txapelketa jokatu du asteburuan Albaceten Josu Zelaia azpeitiarrak. Zilarrezko domina bat lortuta eta 200 metroko marka pertsonala hautsita etxeratu da, "oso pozik" egindako lanarekin. "Espainiako Txapelketan domina lortzea amets bat betetzea izan da", adierazi du Zelaiak.
Azkoitia-Azpeitia Xeye taldean egin zituen atletismoan lehen urratsak, eta azken denboraldia Donostiako Atletico San Sebastian klubarekin egin du. Espainiako Txapelketan 4x100 proban lortu du Zelaiak bigarren postua, 41,25 denboran eginda. Hori bakarrik ez, 200 metroko distantzia proban finalista gelditu da, seigarren postuan eginda eta marka pertsonala hautsita: 21,66. Emaitzekin pozik dago atleta azpeitiarra, "oso gustura".
Bukatu berri duen atletismo denboraldian egindako lanarekin pozik dago, eta orain, denboraldi. berria hasi arte atseden hartuko du. "Ondo joan da denboraldia, Espainiako Txapelketaren aurretik, GipuzkoakoTxapelketan 200 metroko proba irabazi egin nuen, eta Euskadiko Txapelketan 100 metroko distantzian hirugarren postua lortu nuen. Ordiziako atletismo topaketan, berriz, 100 metro distantziako nire denbora hautsi egin nuen, 10,80 eginda", laburtu du sasoia Zelaiak. Hurrengo denboraldia hasi aurretik Azpeitian entrenatuko du, eta behin denboraldia hastear denean, Atletico San Sebastian taldearekin Donostiako pistetan hasiko da bete-betean entrenatzen.