Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketa jokatuko du igandean Mikel Larrañagak

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 22a

Larrañaga, txapelketa batean. (Ibon Errazu)

Astigarragan jokatuko dute txapelketa hori, 18:00etan hasira. Guztira, hamar enbor ebaki beharko dituzte aizkolariek. Azpeitiko aizkolariarekin batera lehian ariko dira Julen Alberdi 'Txikia IV.a', Eneko Otaño, Arkaitz Etxebeste, Ugaitz Mugerza eta Xabier Zaldua.

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko du datorren igandean, hilak 26, Astigarragako Foru plazan. 18:00etan hasiko dute txapelketa, eta herriko aizkolari horiekin batera ariko dira lehian Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Eneko Otaño beizamarra, Arkaitz Etxebeste, Ugaitz Mugerza eta Xabier Zaldua. 

Aizkolariek hainbat enbor ebaki beharko dituzte: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko. Egur horiek guztiak aurrena mozten dituen lehiakideak jantziko du aurtengo Gipuzkoako txapela. Sei horietan azkena egiten duen aizkolariak, berriz, maila galduko du, eta bigarren mailan aritu beharko du datorren sasoian.

Igandeko parte hartzaileen artean, Larrañagak ditu txapel gehien; Azpeitiko aizkolariak lau bider jantzi du Gipuzkoako txapela, hain justu, 2014an, 2016an, 2021ean eta 2022an; Txikia IV.ak hiru bider irabazi du txapelketa hori: 2019an, 2023an eta 2024an. Otañok, berriz, iaz lortu zuen aurreneko aldiz Gipuzkoako txapela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide