Aste bakarrean egindako indusketekin, aurreikusitako helburuak bete ditu Aranzadik Munoaundin

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 22a

Arkeologoak Munoaundin lanean, joan zen astean. (Ane Olaizola)

Astebetean gauzatu ditu Aranzadi zientzia elkarteak Munoaundi aztarnategiko indusketa lanak, eta "oso positibotzat" jo du aurtengo kanpaina. Bi urteko geldialdia egingo du orain Burdin Aroko herri harresitu horretan, orain arte jasotako datuak aztertzeko eta urrats berriak zehazteko. 

Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi aztarnategian astebeteko indusketa kanpaina amaitu berri du Aranzadi zientzia elkarteak, eta aurreikusitako plangintzaren arabera, aurtengo ekinaldirako jarritako helburuak bete dituela azaldu du Izaro Quevedo indusketen zuzendariak. Are, egindako lana "oso positibotzat" jo du hark, bai lanen garapenari dagokionez, bai lortutako emaitzei dagokienez ere, jasotako informazioak Munoaundiko aztarnategiaren ezagutza arkeologikoa "sendotzen" lagunduko duelakoan.

Joan zen astean aritu zen hamar bat laguneko lantaldea Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten, Quevedoren gidaritzapean. Aurten, arkeologo profesionalak izan dira lanean aritu direnak —orain arte boluntarioek jarduten zuten—, eta horiek bigarren indusketa eremuan aritu dira aztarnak aurkitzen; hau da, hego-mendebaldera begira dagoen zonaldean. Harresiaren ondoko gunea da hori, eta hango erorkinen artean agertu den material arkeologikoa jaso eta dokumentatu dute. Zuzendariaren esanetan, batez ere zeramikazko aztarnak topatu dituzte: "Bildutako materialen artean eskuz egindako zeramikak zein tornuz egindakoak identifikatu ditugu, eta horiek Munoaundiko aztarnategiaren erabilera faseak eta sekuentzia historikoa hobeto ulertzeko informazio garrantzitsua emango digute".

Aranzadik duela 2.500 urteko herri hartako harresiaren zati bat eta hainbat etxebizitzaren arrastoak identifikatuta ditu lan eremu horretan, eta arkeologoek indusketak "azalka" egin dituzte han, "modu kontrolatuan eta dokumentazio arkeologikoa zainduz". Hain zuzen, zuzendariak esan du joan den astean egindako lanek aukera eman dietela eremuaren "irakurketa zehatzagoa" egiteko, azal berriak dokumentatzeko zein harresiaren inguruko espazioaren interpretaziorako datu berriak jasotzeko. "Horrekin batera, dokumentazio grafikoa, idatzizkoa eta topografikoa bildu dugu, ondorengo azterketa-lanak eta memoria zientifikoa prestatzeko oinarri gisa", gaineratu du.

Material arkeologikoak jasotzeaz gain, akarologiarako eta mikro-sedimentologiarako laginak ere hartu dituzte, eta lagin horiek aukera ematen die aztarnategiko deposizio prozesuak, ingurumen baldintzak eta hura erabiltzeko dinamikak hobeto ezagutzeko. 

Geldialdia, datuak aztertzeko

Aurtengo ekinaldia 21. aldia izan da, eta oraindik orain lan arkeologiko guztiak bukatu gabe badaude ere, Aranzadik azaldu du bi urteko geldialdi bat egingo duela Munoaundin. Izan ere, azken urteetan jasotako datuak aztertzera eta dokumentatzera baliatuko ditu datozen bi urteak, baita hurrengo urratsak "behar bezala" planifikatzera ere. Aztarnategiaren gaineko estrategia berria zehazten dutenean, 2029an berriz indusketa lanei ekitea aurreikusten du zientzia elkarteak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide