Aner Etxezabal: "Hegan egiteak harrapatu egiten du, hor goian askatasuna sentitzen da"

Ihintza Elustondo 2026ko abuztuaren 14a

Aner Etxezabal, parapentean hegan. (Aner Etxezabal)

Bilboko Udaleko suhiltzailea da Aner Etxezabal, eta suteak itzaltzen ez ezik, bestelako hainbat egoeratan laguntzen ere aritzen da bere egunerokoan. Dena den, badu beste afizio bat, lana baino "arriskutsuagotzat" duena: parapentean ibiltzen da. Uztaileko Azpeitia Guka aldizkariko elkarrizketa hau idazteko unean, X-Pyr proba egiten ari zen Pirinioetan.

Pertsona "lasaia" dela dio Aner Etxezabalek (Azpeitia, 1987), baina bere ofizio-afizioak zein diren ikusita, gezurra dirudi: suhiltzailea da lanbidez, eta parapentean ibiltzea da gehien atsegin duena. Aldizkari hau inprentara bidaltzerakoan, askorentzat "erokeria" izan daitekeen erronka bat egiten ari zen Pirinioetan: X-Pyr izenekoa. Ekainaren 21ean Hondarribitik (Gipuzkoa) abiatu zen, zazpi eguneko epean El Port de la Selvara (Katalunia) iristeko helburuarekin, 529 kilometro eginda. Tarteka hegan eta tarteka korrika eginez, proba amaitzea eta minik ez hartzea zituen helburu elkarrizketa hau egitean: biak betetzea lortu zuen Etxezabalek.

Ofizioz, suhiltzailea zara. Noiztik ari zara lanbide horretan?

2016tik; 29 urterekin lortu nuen plaza. Aurretik lan ezberdinak probatu nituen, baina garbi nuen suhiltzailea izan nahi nuela, eta azkenean, lortu nuen. Bilbon lan egiten dut, eta joan-etorrian ibiltzen naiz Azpeitira. 24 orduz lana egiten dut, eta gero, bost jaiegun izaten ditut; normalean, hori gustatzen zaio jendeari gehiena [barreak].

Ez al da lan arriskutsua?

Bilboko Udaleko suhiltzailea naiz, eta kasu hauek dira ohikoenak: adineko jendea etxean erori dela eta leihoak ireki behar direla, suizidio asko... Norbait salto egiteko arriskuan baldin badago, guri deitzen digute, eta saiatzen gara hori egin ez dezan konbentzitzen. Halako kasu asko izaten dira, eta salto egin ondoren joatea ere tokatzen zaigu batzuetan. Horrez gain, sute dezente izaten da Bilbon, eta istripu batzuk ere bai, nahiz eta azken horiek ez diren ohikoenak. 

Suhiltzaileek fisikoki indartsu egoten direnaren fama dute, baina burua prestatzea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Arlo fisikoarena mito bat da. Sasoi pixka bat eduki behar duzu, baina askotan geuregatik izaten da hori gehiago, ez dugulako nahi izaten ezbehar baten aurrean eskailerak igo ezinda gelditzea. Buruz bai, prestatuta egon behar da pixka bat, egoera batzuei aurre egiteko. Askotan, tokatu arte ez duzu jakiten egoera baten aurrean nola erreakzionatuko duzun, baina gure artean ere babesten gara; norbaitek egun txarra badauka eta zerbait potoloa gertatu bada, beste norbait joaten da gune horretara. Egia da, trajea janztean, aldatu egiten dela txipa: "Hau nire lana da, eta kito", pentsatu behar duzu. Izan ere, denari bueltaka hasten bazara... Horregatik, nahiago dut Bilbon lana egitea, Azpeitian ezagun gehiagorekin lan egin beharra tokatuko litzaidakeelako. 

Sekula ez al zaitu kasuren batek markatuta utzi?

Bai, bai, badauzkat gogoan batzuk. Irudi batzuk betirako gelditzen zaizkizu, baina lanketa bat egin behar da hori saihesteko. Dena den, gauza politak ere badauzka gure lanak: erleak jasotzera-eta joaten gara, adibidez [barreak].

Betidanik al duzu arriskua gustuko? Izan ere, afizioa ere halakoxea daukazu: parapentean aritzen zara...

Afizioa arriskutsuagoa da lanbidea baino. Suhiltzaileen lana ez da hain arriskutsua; badauka arrisku puntu bat, baina protokoloak ondo prestatuta daude. Lehen ez ginen horretaz jabetzen, baina orain gutxi jakin dugu kutsakorra bai izan daitekeela. Berez, ez dugu kerik xurgatzen, ekipazio onarekin joaten garelako, baina arropetan itsasten da materiala, bizarrean... Eta estatistikek erakutsi dute minbizi kasuak normala baino ohikoagoak direla suhiltzaileetan. Horrez gain, noizbait gertatu izan zait, nonbaitera sua itzaltzera joan, eta kaskoa dena urtuta ateratzea eremu horretatik. Baina ekipamendu ona daukagu, eta nik ez dut arrisku handirik sentitzen lanean.

Eta parapentean?

Parapentean gu gara arriskutsuak, kirola bera baino gehiago [barreak]. Parapenteak ere badu arriskua, altueran ibiltzen garelako, eta akats bat egiten baduzu, erori eta txikitu egiten zarelako. Kirolak berez badauka arrisku puntu bat, eta gu ibiltzen garen mailan, dezentekoa. Aireratzea eta lur hartzea dira unerik arriskutsuenak, eta horrez gain, meteorologiaz dezente jakin behar da. Azkar alda daiteke eguraldia, eta iragarpenak begiratzea ezinbestekoa da, baita lainoak irakurtzen, balizak begiratzen... ikastea ere. Izan ere, ez baduzu garaiz erabaki egokia hartzen, zuk ez duzu agintzen; eguraldiaren mende gelditzen zara. 

Lurretik zenbat metrora egiten duzue hegan?

Hegan egiten dugun lekuaren arabera. Pirinioetan, agian, lurretik 3.500-4.000 metrora. 

Noiz eta nolatan hasi zinen kirol hori praktikatzen?

Duela bost urte-edo hasi nintzen, pandemiaren bueltan. Aurretik nengoen tentatuta; beti eduki dut kuriositatea hegan egitea zer den jakiteko. Animatu, eta ikastaro bat egin nuen, Urduñan [Bizkaia]. Han pixka bat ikasi nuen, eta gero, arratsalde batean, Azpeitiko autoeskolaren ondoko eremura joan nintzen, jendea han lur hartzen ikusten nuelako. Parapentea praktikatzen duen jendea ezagutu nuen horrela, eta gaur arte.

Aner Etxezabal, laneko ibilgailu baten aurrean. (Utzitakoa)

Probatu orduko harrapatu al zintuen kirolak?

Niri mendira igotzea gustatzen zitzaidan, baina jaistea ez. Pirinioetan 3.000 metroko gailur bat egitea ederra da, baina jaitsiera izugarri luzea egiten zitzaidan. Eta nola parapentearekin hamar minutuan jaisten zaren behera... Gehienak horrela hasten gara; harrapatu egiten zaitu. 

Bai harrapatu ere. Pirinioetan X-Pyr proba egitekoa zara. Hondarribitik abiatu, eta El Port de la Selvara joan beharko duzu, 529 kilometro eginda. Ekainaren 21ean abiatu, eta zazpi egun izango dituzu proba gauzatzeko. Zazpi egun ez dituzu emango parapentetik jaitsi gabe, ezta?

Ez, parapentea eta ultra maratoia uztartzen ditu probak; hau da, mendian korrika ere egin behar da. Hondartzan hasiko dugu proba, eta Larhunera joango gara korrika, parapentea eta kaskoa hartuta. Hegan hasteko, altuera bat harrapatu behar duzu, itsasotik ezin zara abiatu. Ibilbide bat dago prestatuta, eta partaide guztiek astebete dute hori osatzeko. Helmugara aurrena iristen denak irabazten du. Nik argi daukat ez dudala irabaziko, munduko onenek parte hartuko dutelako. Hegan gehien egiten duenak irabaziko du proba, ez dago korrika eginda irabazterik. Hegaldi termikoekin asmatzea izaten da gakoa. 

Zer dira hegaldi termikoak?

Haize txorro beroak, altuera bateraino igotzen direnak. Putreak bueltaka ibiltzen dira, bada, Izarraitzen? Horiek ere txorro bero horietan kokatzen dira altuera hartu eta Herniora joateko. Guk ere gauza bera egiten dugu: haize bero hori baliatzen dugu altuera hartzeko, eta gero beste bat... Lasterketan ere hala egingo dugu.

Eta nola jakiten duzue txorro horiek non dauden?

Hegaldi termikoena zientzia bat da. Batzuetan pentsatzen duzu leku batean egongo dela, baina joaten zara, eta ez dago. Esperientziak irakasten dizu. Eguzkiak, txoriek, lainoek... markatzen dute non dauden. Hegaztiak ere joaten dira bero hori aprobetxatzen dutelako desplazatzeko, urrutira joateko. Sekulako kilometro pila egiten dituzte horrela.

Pilotua zu bazara ere, taldean egingo duzu proba. Nortzuk izango dituzu taldekide?

Guztira, bost gara. Hegan nik egingo dut, baina beste pertsona bat etorriko da autokarabanarekin, gidari eta sukaldari arituko dena: Mikel Luengo azpeitiarra. Beste batek estrategia lantzen lagunduko dit, beste batek pisua kenduko dit motxilatik eta ura-eta eramango dizkit... Enaitz Eizagirre azkoitiarra eta Mendaroko [Gipuzkoa] Maite Maiora eta Josu Juaristi senar-emazteak dira beste hirurak. Norbere lana ez da nahikoa kirol honetan, estrategia asko landu behar da; talde lana da gurea. 

Egingo duzun halako lehen lasterketa al da?

Bai, lehena eta...

Azkena?

Bai. Izan ere, sekulako sakrifizioa da. Entrenatzen ordu asko pasatu behar dira. Parapentearekin entrenatzen dut, baina korrika ere asko egin behar da. Goizean hiru orduz eta arratsaldean beste bi ordu eta erdiz-eta aritu naiz entrenatzen. Egun batzuetan zortzi orduz ere bai... Parapentearena arlo bat da, baina mendian korrika egiteak ere ordu asko kentzen ditu. 

Zergatik erabaki zenuen proba egitea?

Erronka pertsonal gisa. Pirinioak gurutzatuta gaude lagunartean horrela, parapentearekin, bibak eginez. Horrela askotan joaten naiz bidaiatzera, Alpeetara eta. Leku berriak hegan deskubritzea gustatzen zait gehiena. Lehiak baino gehiago betetzen nau horrek. Asko gustatzen zait natura, baita animaliak ere. Hegan zoazela, bat-batean bailara batean sartzea, zu bakar-bakarrik, ondoan ur jauzi bat duzula... Oso basatia da. 

Hegan egiteak ere izango du zerbait, ezta?

Hegan egiteak harrapatu egiten du, hor goian askatasuna sentitzen da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide